Koronabirusa Azpeitian

Hiru kasu positibo azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko abu. 12a, 12:55

Azken zazpi egunetako PCR proben emaitzei erreparatuta, berriz, zortzi kasu atzeman dituzte herrian. Azkoitian ere gora egin dute koronabirus kasuek gaur: beste lau kasu zenbatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hiru koronabirus kasu positibo detektatu ditu azken orduetan Azpeitian. Azken zazpi egunetako PCR proben emaitzei erreparatuta, berriz, zortzi kasu atzeman dituzte herrian. Azkoitian ere gora egin dute koronabirus kasuek gaur: beste lau kasu zenbatu dituzte han –hamahiru kasu azken zazpi egunetan–. Urola Kosta eskualdeko beste herrietan ez dute kasurik atzeman azken orduetan. 

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez,  354 koronabirus kasu detektatu ditu Osasun Sailak astelehenetik asteartera bitartean. Azken egunetako gisan, Bizkaian izan dira kasu gehien –223 kasu–. Dena den, Araban ere nabarmena izan da igoera, 72 kasu zenbatu dituztelako. Gipuzkoan, berriz, PCR proben arabera 53 kasu positibo izan dira azken orduetan. Osasun Sailaren datuen arabera, beste bederatzi kasu positibo ere detektatu dituzte.