Zuhaitz Gurrutxagak 'FutbolisTOK' bakarrizketa saioa eskainiko du hilaren 21ean

Julene Frantzesena 2020ko abu. 12a, 09:48
Zuhaitz Gurrutxaga.

Soreasu antzokian izango da emanaldia 22:00etan hasita, eta dagoeneko eros daitezke sarrerak 11 euroren trukean. Bost urte eta gero agertokietara itzuliko da elgoibartarra ondu duen lan berriarekin.

Bakarrizketa saioei helduko die berriz ere Zuhaitz Gurrutxagak. Duela bospasei urte Confidencias de un futbolisto lanarekin aritu zen herriz herri eta antzokiz antzoki futbolari ohi eta telebistako aurkezlea, eta agertokietara itzuliko da FutbolisTOK izeneko euskarazko bakarrizketarekin.

Abuztuaren 21ean, ostiralez, Soreasu antzokian (22:00) estreinatuko du lan berria euskaraz elgoibartarrak, eta dagoeneko salgai daude emanaldirako sarrerak Kulturaz.eus webgunean, 11 euroren trukean. Gurrutxagak Espainiako Lehen Mailan futbolean aritu zeneko bizipenak izango ditu hizketagai.