Andoni Lazkano: "Emakumeen lehen taldea zuzentzeko erronka gogorra bezain polita da"

Julene Frantzesena 2020ko abu. 11a, 16:08
Andoni Lazkano ISBko emakumeen lehen taldeko entrenatzailea.

Andoni Lazkano (Azpeitia, 1978) izango da ISBko nesken lehen taldeko entrenatzailea datorren denboraldian. Taldea ia osatuta dute dagoeneko, eta abuztuaren bukaeran hasiko dira denboraldi-aurrearekin. Etxera itzuli dela eta "gustura" da ISBko jokalari izandako azpeitiarra.

ISBko nesken lehen taldea entrenatuko duzu datorren denboraldian. Gustura al zaude?

Bai, oso gustura. Hamar bat urteren ondoren etxera bueltan naiz.

Nola hartu zenuen eskaintza?

Egia esan, beste eskaintza batzuk izan ditut aurretik, baina ezetz esan diet haiei, bikotekideak ere saskibaloia utzi egin duelako. Etxeko taldeak deitzen dizunean, baina, ezin ezetz esan!

Lehenago zuzendu al duzu saskibaloi talderik?

Bai, haibat taldetako entrenatzailea izan naiz, bai neskena, bai mutilena. Hainbat mailatan, Iraurgin, Askatuaken, Axularren, Añorgan, Bera Beran nahiz Zarautzen aritu naiz.

Iraurgiko emakumeen lehen taldea zuzentzea erronka al da zuretzat?

Edozein talderen arduradun izateak dakar erronka. Erronka hau gogorra bezain polita da: gogorra, entrenatzaile jarduna lanarekin partekatu behar dudalako eta niretzat liga berri bat delako; polita, berriz, Iraurgi taldearekin Emakumeen Bigarren Mailan ariko garelako.

Hasi al zarete taldea osatzen? Zer pauso eman dituzue?

Dagoeneko bederatzi jokalari ditugu taldean. Horietatik sei gipuzkoarrak dira, bat jamaikarra, bat amerikarra eta bat kamerundarra. Aurreko urtetik, Intza Lizarazu kapitanak, Alazne Lizundiak eta Sara Iparragirrek jarraitzen dute. Junior taldetik lehen taldera salto egingo dutenak, berriz, Paula San Juan eta Maria Otaegi dira. Bera Beratik dator Saioa Alzaga. Orain, pibot kokapenerako jokalari baten bila gabiltza. Izan ere, denboraldia hamar jokalarikin hasteko ideia daukagu.

Zer-nolako taldea osatzen ari zaretela esango zenuke?

Udan hemengo jokalariekin entrenamendu batzuk egin ditugu, eta oso gustura gelditu gara nesken erantzunekin. Kanpotik datozen jokalariek ere itxura polita daukate. Pibota falta zaigu, baina talde lehiakor bat lortuko dugula uste dut.

Noiz hasiko zarete denboraldi-aurrea prestatzen?

Hiru astez egin ditugu etxeko jokalariekin entrenamenduak, batik bat elkar ezagutzeko. Denboraldi-aurrea abuztuaren 24an hastea da gure helburua, eta denboraldia urrian 3an hasiko dugu Barakaldoren aurkako derbiarekin.

Zer helburu jarri diozu zure buruari denboraldira begira?

Astetik astera harmailetara zaletu gehiago erakartzea da –ahal denean– helburu nagusia. Etxeko neskek jokoan pisu gehiago eduki dezaten ere ahaleginduko gara. Sailkapenari dagokionez, hamalau taldeko hiru multzo egin dituzte aurten Emakumeen Bigarren Malan, eta denboraldia hasi arte ez dugu jakingo non ibiliko garen.

ISBn jokatutakoa zara, baita entrenatzaile aritutakoa ere. Azken urteetan izan al duzu loturarik klubarekin?

Iraurgiko jokalari ohi batzuk Urte Zahar egunez urtero aritzen gara mariskadaren zozketarako boletoak saltzen. Urteren batean aritu nintzen entrenatzaile lanetan Iraugik antolatutako txapelketa baten; izan ere, ilobaren taldeari entrenatzailea falta zitzaion. Beste txapelketa batean ere jardun nuen pare bat partidatan laguntzen... Baina gauza gutxi, denbora falta izan zait laguntzeko.