Koronabirusa Azpeitian

Hiru egunetan hiru positibo Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 10a, 13:37

Ostiraletik atzora arteko datuak kaleratu ditu gaur, astelehena, Osakidetzak, eta hiru koronabirus kasu positibo zenbatu ditu Azpeitian: bat zapatuan eta bi atzo. Abuztuaren 4az geroztik bost kasu atzeman dituzte herrian.

Joan zen astean koronabirusaren bi kasu positibo zenbatu zituen Osasun Sailak Azpeitian, eta ostiraletik atzora artean beste hiru atzeman ditu. Hain zuzen ere, zapatuan bat eta bi atzo. Orotara, bost koronabirus kasu izan dira Azpeitian joan zen abuztuaren 4az geroztik.

Asteburuetan ez ditu herriz herriko datuak ematen Osakidetzak, baina gaur kaleratu ditu horiek azaltzen dituen txostena, eta Urola Kostan hamalau koronabirus kasu berri atzema dituzte azken hiru egunetan: Azpeitiko hiru kasuez gain, Getarian lau, Azkoitian bi, Zarautzen bi, Zumaian bi eta Zestoan bat.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.085 kasu berri zenbatu dituzte ostiralean, larunbatean eta igandean, eta 16.913 PCR proba egin dituzte guztira. Positibo berri horietatik 168 Araban atzeman dituzte, 713 Bizkaian eta 177 Gipuzkoan. Gainontzeko 27ak lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonak dira.