Aspaldiko lagunak agertoki ezagunean

Anartz Izagirre 2020ko abu. 7a, 14:44
Joseba B. Lenoir eta Mice taldeen martxoko kontzertua, Sanagustinen. (Kulturaz)

Urte honetan bigarren aldiz agertokia partekatuko dute Joseba B. Lenoir eta Mice taldeek bihar, zapatua, Azpeitian. Elkarren abestiak jotzeaz gain, biek batera sortu berri duten abestia joko dute Sanagustinen: Leku bat munduan. Hilabeteak geldirik egon ostean, "gogotsu" daude Miren Narbaiza (Eibar, 1986) eta Joseba Baleztena (Bera, 1984) biharko emanaldirako.

Hainbat hilabetez etxean sartuta egon ostean, agertokira itzuliko zarete. Zer sentsazio duzue?

Miren: Gogotsu gaude Azpeitira bueltatzeko, goxo sentitu izan gara beti bertan. Bestetik, agertokiak behar ditugu bizirik sentitzeko, momentu hori gozatzen saiatzen gara eta emozio asko elkartzen dira. Baina zuzenekoak gakoa dira beste hainbat arrazoirengatik ere, norberaren ibilbidean aurrera egiteko badirelako azterketa modukoak, non zauden eta noruntz egin dezakezun ikustarazten dizutenak. Horrez gain, gu bion kasuan bizitzeko diru iturri nagusia ere badira kontzertuak, ez baitago oraindik ikusten ez den lan guztia dirutan ordaintzeko modu arauturik.

Joseba: Mirenek dioenari gehituko nioke kontzertuak direla gure jardun osoari zentzua ematen diotenak.

Nolakoa da osasun eta segurtasun neurriekin kontzertua ematea?

M: Desberdina, dudarik gabe; batez ere, ikus-entzulearentzat. Ordubetez musukoa jantzita egotea ez da erraza. Guretzat oholtzatik jendearen espresiorik ez ikustea arraroa da, baina segurtasun neurri guztiekin bada ere, egin, egin daiteke. Eta hori frogatuta geratzen ari da egunez egun. Txalotzekoa da ekitaldiak antolatzeko prestutasuna.

J: Nik uste dut gehien nabaritzen dudana dela kontzertuen alde sozial guztiaren desagertzea. Segurtasun neurriak direla-eta kontzertuaren eremua hutsik egoten da emanaldiaren hasierara arte, eta bukatu bezain pronto hustu behar izaten da; beraz, ikusleekin dugun harremana desagertu egin da. Emanaldian zehar dugun harremana ere zeharo aldatu da; maskarek jendearen erreakzio oro ezkutatzen digute, eta eserita egon beharrak ere beraien espresatzeko gaitasuna eteten du.

Kontzertu bateratua eskainiko duzue Sanagustinen. Zein kantu joko dituzue?

M: Elkarren kantuekin osatu dugu kontzertua. Apur bat itxuraldatuta aurkituko ditu abestiak etortzen denak, instrumentazio berri batekin goazelako; izan ere, Julen Postigo piano jotzailea arituko da gurekin, eta pianoaren soinuak kantuak beste giro batzuetara eramaten ditu. Oso dotorea eta oso zakarra izan daiteke pianoa, eta denok emaitzarekin oso pozik gaude.

J: Azken orduan kantu berri bat ere gehitu dugu, Leku bat munduan izenekoa. Orain arte, Miren eta bion arteko elkarlanak bakoitzaren proiektuen barrenean kokatzen ziren, elkarren lanetan kolaboratuz, baina oraingoan hutsetik abesti bat elkarrekin idatzi, grabatu eta ekoizteko erronka jarri diegu gure buruei.

Miren, duela hiruzpalau urte bakarkako bideari ekin zenion, eta dagoeneko bi disko atera dituzu. Zer nolako harrera izan du zure proiektuak?

M: Zaila da harrera neurtzea. Nire sentsazioa da jende batengana iritsi dela proiektua eta begi onekin ikusi dutela.

Estilo aldaketa bat nabari al duzu Napoka Iriatik hona musika egiterakoan?

M: Ez bereziki. Nik dena sentitzen dut jarraipen bat bezala.

Joseba, bakarka ez ezik, hainbat taldetan ere aritu zara zu.

J: Hori da, hainbat proiektu izaten ditut martxan aldi berean, momentuz behintzat horrela behar du izan musika nire ogibidea izatea nahi badut. Baina beharraz haratago ere gustuko dut jende desberdinarekin aritzea eta etengabe lekuz mugiaraziko nauten lanetan sartzea. Horrela ez balitz, behin eta berriro gauza bera egiteko arriskua baitago.

Azken diskoa bakarka atera zenuen, Instroak Vol. 3. Nolako harrera izan du?

J: Hau neurtzea ere ez da batere erraza. Izan ere, diskoa aurkezten hasi eta berehala konfinamendua etorri zen, eta bira bertan behera utzi behar izan nuen. Azkenean, ni mugitzen naizen mailan, kontzertuetan dugu egindako lanen harreraren neurgailua. Etortzen den publiko kopuruak erakusten digu diskoa noraino iritsi den. Horretaz gain, nik diskoak kontzertuetan saltzen ditut gehienbat; beraz, ez dut batere argi nolako harrera izan duen (barrez). Film baterako soinu banda instrumentala izanik, eta horrelako musikak publiko zabalen arreta jasotzen ez duela kontuan izanda, pozik nagoela erran dezaket. Filma ikusi duen jendeak helarazi dizkidan inpresioak poztekoak izan dira.

Sinuöse Alarma Sessionsen bideo bat grabatu zenuten batera. Zer moduz joan zen?

M: Elgoibarkoen enkargua jaso genuenean zerbait berezia egin behar genuela argi genuen. Haiek askatasun guztia eman ziguten eta sketch batzuekin tartekatzeko ideia izan genuen emanaldia. Izugarri ongi pasatu genuen.

J: Argi genuen gauza bakarra zen ez genuela kontzertu gisa planteatuko emanaldia, streaming eta online kontzertuak ezin baititugu kontzertu gisa ulertu. Bideoa osatzeko prozesua biziki gozatu genuen eta ideia pila bat gelditu dira zintzilik, beharbada etorkizuneko ikus-entzunezko lanetan argitaratuko ditugunak.

Zerk batzen ditu Mice eta Joseba B. Lenoir?

M: Aspaldiko lagunak gara, elkarren proiektuen zaleak ginen hasieran eta berauen partaide bilakatu gara gerora. Musika izan da beti batu gaituena, baina baita bera ulertzeko modua ere, sortzeko orduan zein bizitzeko filosofia bezala.

J: Hori da. Gainera uste dut biok dugula musika desberdin ugari entzuteko eta ezagutzeko grina, baita iluntasunera jotzeko joera bat ere.

Kontzertu gehiago emango al dituzue batera?

M: Suertatzen badira, gustura egingo ditugu.

J: Lan aunitz egin dugu lokalean kantuak hiruko formatu honetara egokitzeko, eta bion kantuak uztartuz kontzertu orekatu bat osatzeko. Pena litzateke kontzertu gehiago emateko aukerarik ez izatea.

Pentsatu al duzue biok batera beste proiekturen bat sortzea?

M: Asteon estreinatu berri dugu elkarrekin egindako kantu bat: Leku bat munduan. Agian etorriko dira gehiago, momentuz kontzertu partekatu hauek egingo ditugu.

J: Bai, Leku bat munduan kantuaren esperientzia ederra izan da, bide horretatik etor daitezke gauza gehiago. Baina egia da norberaren proiektuekin ere badugula lana etorkizunerako, eta guzti hau gainerako proiektu guztiekin uztartuta ez zaigu ia denborarik soberan gelditzen.