Koronabirusa Azpeitian

Beste kasu positibo bat atzeman dute Azpeitian

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 6a, 13:52

Osasun Sailak eman dituen datuen arabera, bederatzi kasu hauteman dituzte eskualdean: Zarautzen sei, eta Azpeitian, Azkoitian eta Getarian kasu bana.

Gorakada nabarmena izan du azken orduetan COVID-19a atzemateko PCR probetan positibo eman duten kasuen kopuruak Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian jakitera eman dituen datuen arabera, bederatzi dira eskualdean hautemandako koronabirus kasuak.

Azpimarratzekoa da Zarauzko egoera, sei kasu berrirekin, azken egunetako beheranzko joera hautsiz. Beste hiru positiboei dagokienez, Azpeitian, Azkoitian eta Getarian kasu bana atzeman dituzte. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 338 kasu hauteman dituzte azken 24 orduetan; horietatik 233 Bizkaian izan dira, 44 Araban eta 57 Gipuzkoan. Hiru lurraldeetan ospitaleratuta dauden gaixoak 57 dira, eta birusaren birsorkuntza tasa, berriz, 1,31koa da.