Txakurrak mendian lotuta eraman behar direla gogorarazi dute udalak eta artzainek

Anartz Izagirre 2020ko abu. 6a, 12:56
Udaleko ordezkariak eta artzainak, udaletxean. (Azpeitiko Udala)

Azkenaldian ardiek jasandako erasoak direla eta, Izarraizko artzainek eta udalak bilera egin dute gaur, osteguna, udaletxean. Herriko txakurren jabe guztiei gutun bat bidali die udalak, eta mendietan kartelak ezarriko dituzte txakurrak lotuta eraman behar direla gogorarazteko.

Abereak dauden guneetan txakurrak lotuta eramateko eskatu zuen Gipuzkoako Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) duela aste batzuk, eta gaur, osteguna, bilera egin dute Azpeitiko Udalak eta hainbat artzainek udaletxean. Udalak adierazi duenez, artzainak kexu dira txakurrek mendian hainbat ardi erasotu dituztelako; izan ere, konfinamendua amaitu ostetik asko ugaritu da mendira joateko ohitura, eta horrek mendietan txakur gehiago ibiltzea ekarri du erakundearen arabera. 

Gertakari horien aurrean, Josu Labaka udaleko zinegotziak txakurrak mendira lotuta eramateko eskatu die herritarrei: "Abereak dauden lekuan ezin dira txakurrak solte eta kontrolik gabe eraman. Artzainak urte guztian lanean izaten dira, mendia beraien lantokia da eta ardiak galtzea galera handia da haientzat".

Udalaren arabera, egun hamabi-hamahiru artzain inguru ibiltzen dira Izarraitzen, neguko pare bat hilabeteetan ez beste guztietan, eta horietako askok izan dituzte arazoak txakurrekin. Esate baterako, Abel Segurola artzainaren bost ardi erasotu dituzte, eta lau hil egin zaizkio: "Txakurrak solte eraman ohi ditu jendeak mendira, eta ardiengana joaten dira. Batzuk uste dute jolasean ari direla, baina erasotu egiten dituzte. Garai honetatik aurrera, gainera, ardiak ume egiteko egoten dira, eta makalago izaten dira. Tantaka-tantaka, astero, erasoren bat izaten da", nabarmendu du artzainak. Ildo horretatik, mendian txakurrak lotuta eraman behar direla gogorarazi du Segurolak: "Kotxean segurtasun uhala jantzita eraman behar den moduan, txakurrak lotuta eraman behar dira, baita mendian ere".

Gertakari horiek saihesteko helburuarekin, hainbat neurri adostu dituzte artzainek eta udalak gaurko bileran: "Herriko txakurren jabe guztiei gutun bat bidali diegu, txakurrak izateak dituen betebeharrak zeintzuk diren gogoratuz. Horrez gain, Izarraitzen kartel berriak ere jarriko ditugu txakurrak lotuta eraman behar direla gogorarazteko", nabarmendu du Labakak.