Immaculate Fools eta Jotakie taldeek kontzertua eskainiko dute irailaren 19an zezen plazan

Anartz Izagirre 2020ko abu. 5a, 18:48

COVID-19a dela eta, osasun eta segurtasun neurriak bete ahal izateko zezen plazan izango dira bi kontzertuak. Sarrerak salgai daude dagoeneko Kulturazen webgunean; aurrez sarrerak zituztenek, berriz, sarrera mantentzeko edo itzultzeko aukera izango dute.

Kulturazek eta udalak elkarlanean antolatutako Immaculate Fools eta Jotakie taldeen kontzertuek data berria dute, irailaren 19a, hain zuzen ere. Kulturazek aldaketa gehiagoren berri ere eman du; izan ere, osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko helburuarekin kontzertuok zezen plazan eskaintzea erabaki dute. Hasieran, kontzertu horientzako bi data desberdin zituzten aurreikusita, baina adierazi dute kokaleku berriak bi emanaldiak egun eta leku berean egitea ahalbidetzen duela.

Aurrez erositako sarrerek irailaren 19ko emanaldirako balioko dute, eta sarrerarik ez duenak oraindik ere eros dezake honako lotura honetan. Aurrez sarrera erosita izan eta itzultzea nahi duenak, berriz, Sanagustin kulturgunera jo dezake sarrera fisikoa bada; online erositakoa bada, aldiz, ebeloki@kulturaz.eus helbidera idatzi beharko du.

Immaculate Fools 1984an sortu zen taldea britaniarra da, eta folk arrastoak dituen pop-rock estiloa lantzen dute. 1985ean Immaculate Fools deituriko abestiarekin egin ziren ezagun, eta 1997an amaitu zuten ibilbidea, sei album argitaratu ostean. 2016an, ordea, bandaren liderra zen Kevin Weatherillek taldea birsortu zuen Espainiako eta Britania Handiko musikariekin.

Jotakie taldea, berriz, 1980ko hamarkadan sortu zen, eta euskal rock erradikalaren parte izan zen. Jotakie punkaren eztandarekin batera sortu zen Urola bailaran, eta denboraren poderioz euskaraz abesturiko pop-rock taldea bilakatu zen. 1981etik 1990era bitartean iraun zuen taldearen jardunak, baina azken urteetan eman izan dituzte noizbehinka kontzerturen batzuk; esate baterako, 2019ko Azpeitiko jaietan.