Oier Ibarguren Caja Rural-Seguros RGAren lehen taldearekin arituko da 'stagiaire' moduan

Anartz Izagirre 2020ko abu. 5a, 15:12
Oier Ibarguren.

Lau txirrindularik izango dute Caja Rural-Seguros RGA taldean stagiaire izateko aukera, eta horietako bat da azpeitarra. Ibargurenek "sekulako aukera" dela adierazi du.

Urtero legez, Caja Rural-Seguros RGA taldeak bere talde filialeko hainbat txirrindulari hautatu ditu stagiaire postuak betetzeko, eta horietako bat izango da Oier Ibarguren azpeitiarra. Txirrindulari horiek aukera izango dute lehen taldearekin batera hainbat lasterketatan esperientzia eskuratzeko nahiz ikasteko.

"Une honetan ez nuen inondik inora espero halako aukera sortzerik", azaldu du azpeitiarrak, eta  gaineratu du "sekulako aukera" dela beretzat lehen taldearekin lasterketetan parte hartu ahal izatea. Iazkoan ez zuen lortu Ibargurenek stagiaire izatea, baina aurtengoan "dena" emango duela dio. Hala eta guztiz ere, azpeitiarrak ez daki zein lasterketetan lehiatu ahal izango den: "Ezin digute ezer konfirmatu, COVID-19aren kontu honekin ez baitakigu zein lasterketa egingo diren eta zein ez".

Oier Ibarguren (Azpeitia, 1997) elite mailan, 23 urtetik gorako afizionatuetan aritu da denboraldi honetan; izan ere, Caja Rural-Seguros RGA taldeak fitxatu zuen iaz txirrindulari azpeitiarra.