'Azpeitia bizi' egitasmoa aurkeztu du udalak, euskal kultura eta herriko proiektuak ezagutzeko

Anartz Izagirre 2020ko abu. 4a, 10:12
'Azpeitia bizi' egitasmoaren aurkezpena. (Azpeitiko Udala)

Kulturari eta lehen sektoreari lotutako bisita gidatuak egingo dituzte abuztuan, asteartetik larunbatera, baita ondare historikoa ezagutzeko bisitak ere. Bisita gidatuak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da Basazabaleko turismo bulegoan.

Azpeitiko Udalak Uemaren Bertatik bertara kanpainarekin bat egin, eta turismoaren inguruko eskaintza berezia antolatu du abuzturako. Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez kanpaina hori "oso ongi" egokitzen da herriaren izaerara, balioetara zein nahietara: "Azpeitian euskaraz bizi gara, eta gure hizkuntza ardatz hartuta, eskaintza interesgarria osatu dugu". Kanpaina horren barruan, jatetxeetan eta tabernetan mahaiganeko oihal batzuk ere banatu dituzte, eta hizkuntza desberdinetan hainbat hitz erabiltzeko aukera eskaintzen da bertan.

Udalak ekonomia sustapenenaren planaren barruan turismo jasangarriaren aldeko plan bat osatu du, eta hortik dator martxan jarri berri duen Azpeitia bizi egitasmoa; besteak beste, kultura, hizkuntza, lehen sektorea, natura zein ondare historikoa bistaratzen ditu egitasmoak. Erakundearen arabera, Azpeitira "gertuko bisitariak" erakartzeko lanean dihardu, eta horretarako "turismo jasangarriaren bultzada ekonomikoa" baliatu nah du.

Azpeitia bizi egitasmoaren barruan hainbat bisita gidatu eskainiko dituzte abuztuan zehar: "Azpeitian baditugu berezi egiten gaituzten zenbait indargune, hainbat arlotan erreferente izan daitezkeen proiektu propioak ditugu abian eta indartsu. Horiek ezagutu eta bizitzeko eskaintza eskainiko diegu ezagutu nahi dituztenei", nabarmendu du alkateak.

Kultura bizi

Kulturaren inguruko bisitei dagokienez, Azpeitiko kultur sorkuntza eta transmisioaren gako diren espazioak ezagutzeko aukera izango da, hala nola XVI. mendeko eliza den Sanagustin kulturgunea eta Soreasuko Dinamoa Sormen Gunea. Bisita horiek asteazkenetan eta larunbatetan izango dira.

"Kulturaz bizi den herria da Azpeitia. Ez alferrik, 200 ekitalditik gora egin ziren Azpeitian pasa den urtean. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz izan ziren ekitaldien %90 baino gehiago. Izan ere, erabat geurea dugun ezaugarria da hizkuntza, kultura ez dugu ulertzen euskarari lotua ez bada", nabarmendu du udalak. Kultur ereduaren funtsa "egiteko moduan" dagoela ere azpimarratu du erakundeak, eta udalaren eta kultur eragileen elkarlanetik ateratako eredua dela Azpeitikoa.

Natura eta lehen sektorea bizi

Bestalde, lehen sektoreari lotutako guneak ikusteko aukera ere izango da abuztuan, 2018. urtean itxuraldatu zen Azoka plaza, kasu: "Azoka plaza kanpotik berritu zen, eta indartu egin zen barrutik; aldaketa, batez ere, lehen sektorea indartzeko aukera baliatu baitzen. Espazioa berritzearekin batera, bertako produktuen plaza bilakatu zen denda iraunkorra ere bada bertan: Elikagunea", azaldu du udalak.

Bisita gidatuetan Azoka plazaz gehiago jakiteko aukera izango da, baita herriko beste hainbat guneri buruz ere; besteak beste, Goenari, Loiolari eta Izarraizko Atea parkeari buruz. Bisita horiek astearteetan eta ostiraletan izango dira.

Ondarea bizi

Horrez gain, Azpeitiko ondare historikoa ezagutzeko parada ere izango dute herritarrek, ostegunetan: "1310. urtean sortu zen Azpeitia, Garmendia da Iraurgi izenarekin. Urtebetera, Salvatierra de Iraurgui izango zen, eta 1397an agertzen da Azpeitia hitza lehen aldiz", azaldu du udalak. 

Bisita horietan, Azpeitiaren 700 urtetako historia, ohiturak, festak, elizak, etxeak eta kaleak izango dituzte hizpide beste hainbat konturen artean; Basazabal, Antxieta, parrokia, Enparan dorretxea, Bakardadearen kapera zein herriko beste hainbat eraikin historiko bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.

Izen-ematea, doan

Asteartetik larunbatera, beraz, bisita gidatu bat izango da abuztu osoan zehar Azpeitian, eta horietarako izen-ematea doakoa izango da. Interesatuek Basazabaleko turismo bulegoan eman beharko dute izena, 943-54 79 83 eta 688 87 48 61 telefonoetara deituta nahiz turismobulegoa@azpeitia.eus helbidera idatzita. Bisita guztiak euskaraz izango dira, baina sei laguneko taldea osatuz gero, bisita gaztelaniaz eta ingelesez egiteko aukera ere izango dute herritarrek.