Ane Bastida: "Konnotazio txarrak ezartzen dizkio jendeak oraindik poledanceari"

Ane Bastida.

Musika edo erizain arloari lotuta ezagutzen dute gehienek Ane Bastida (Azpeitia, 1987), baina zaletasun berri bati lotuta dabil azken aldian: poledance. Akrobazia eta dantza nahasten ditu, aireko diziplina horren bidez. Askok dantza sentsualarekin nahasten badute ere, kirol entrenamendutik gertuago dagoela dio Bastidak.

Zer dela-eta hasi zara poledance praktikatzen?

Txikitatik hainbat urtez gimnastika erritmikoan aritutakoa naiz, baina hori utzi nuenean ez nuen benetan erakartzen ninduen kirolik topatzen. Egun batean, etxe ondoan, poleko estudio bat zegoela ikusi eta probatzera sartu nintzen. Lehenengo momentutik gustatu zitzaidan, bere osotasunean: musikarekin eta dantzarekin duen lotura, gorputz-adierazpena, sortzen diren irudiak… Gainera, egunero zerbait berria ikasten da kirol honetan, ez da batere monotonoa.

Dantza mota sentsuala baino gehiago da, ezta?

Gainditu beharreko estereotipo handiak daude. Film amerikarrek erakutsi digute poledance striptease klubetan egiten den dantza sentsual bat dela, non oso arropa gutxi duten neskek beren gorputzarekin lan egiten duten, errealitatetik oso urrun. Kirol honen jatorria barra txinatarretik dator: yoga egiten zen bitartean muskulatura indartzeko egiten zuten. Poledancean hainbat modalitate aurki daitezke. Alde batetik, alderdi sentsualari gehiago gerturatzen zaiona: exoticpole. Takoi handien gainean, olatuak edo mugimendu sentsualak sortzen dira. Bestetik, kirolaren modalitatera gerturatuz, polesport dugu: irudiak, biraketak, pisu hilaren igoerak eta bestelako mugimenduak egitean oinarritzen dena. Azken hori da nik praktikatzen dudana, eta diziplina handiko kirola da, indarra, teknika, elastikotasuna eta gorputzaren kontrola lantzen delako.

Modako kirola al da?

Egia da gero eta jende gehiagok egiten duela, baina ez da horren ezaguna, eta jendeak oraindik konnotazio txarrak ezartzen dizkio: stripteasearekin lotura, gorputz mota bateko pertsonek bakarrik egin dezaketela... denak ezjakintasunaren ondorioz.

Sasoian egon beharko da, ezta?

Beste kirol guztiak bezala sasoian egoteak laguntzen du, baina kirolak berak sasoian jartzen zaitu. Hasieran kosta egiten da. Gogoratzen dut lehenengo egunetan barran goraino igotzeko eskatzen zidatenean oso gogorra egiten zitzaidala eta oso trakets iristen nintzela, tortura bat zen, baina denborarekin, indarra lantzeaz gain, teknika ere lantzen da, eta pixkanaka erraza-eta dena egiten da barran goraino iristea. Egia da kirol honetan gorputz osoa lantzen dela, lehen egunetan imajinatzen ez nuen tokietan agujetak izan nituen, baina hori ere kirol honen abantaila bat da, ez da gorputzaren atal batean bakarrik zentratzen.

Elastikotasuna lantzea al da ondo dantzatzeko gakoetako bat?

Elastikotasunak asko laguntzen du, eta irudi batzuk lortzeko ezinbestekoa da. Horretarako, gorputz osoa lantzen dugu, lepotik hasi eta hanka puntetaraino. Hala ere, egon badaude beste hainbat irudi elastikotasun gutxikoek lasai asko egin ahal dituztenak.

Betidanik izan al duzu elastikotasun ona?

Ez, txikitan nahiz eta gimnastika erritmikoan aritu ez nuen ume askok duten elastikotasuna, baina landuz gero urteekin irabazi daitekeen ezaugarri bat da. Gainera, elastikotasun oneko pertsona izanda ere, oso garrantzitsua da lantzea, betiere, hobetu daitekeelako eta aurrerantzean lesiorik ez izateko.

Kamiseta laburrekin eta galtza motzekin egin ohi da kirol hau. Ba al dago arrazoirik horren atzean?

Kirol guztietan bezala, honetan ere janzkerak garrantzia du. Azala guztiz tapatuta izanda, barran behera zoaz. Azala barrarekin kontaktuan egotea ezinbestekoa da ez erortzeko. Irudi bakoitzak bere kontaktu guneak ditu, eta horiek estalita egonez gero, irristatu eta erori egingo ginateke. Horregatik, zenbat eta arropa laburragoak eraman soinean, barrarekiko azalaren kontaktua gehiago bermatzen da.

Barrari ondo eusteko material lagungarriren bat erabiltzen al duzue?

Egon badaude hainbat produktu, baina nire ustez ez da gomendagarria, gorputza itsasgarrietara ohituz gero, produkturik gabeko barretan eustea zaila egiten baita. Hala ere, eskuen izerditzea dela eta, irristakor ditugunean alkohol eta magnesioan oinarritutako produktu bat botatzen dugu, eskuak lehor mantentzeko.

Beraz, beroarekin zailagoa al da dantza hau egitea?

Bai, bero asko egiten duenean geu ere nekatuago sentitzeaz gain izerditu egiten gara, eta barrari eustea askoz zailagoa da. Hala ere, ez dakit zergatik, baina ni udan neguan baino gehiago itsasten naiz. Beti izan naiz pixka bat berezia [barrez].

Zenbat aldiz entrenatzen duzu?

Azkenaldian astean bitan joaten saiatzen naiz eskolara, eta egun bakoitzean elastikotasun saio bat poledance saio batekin partekatzen dut. Pole Studio Donostia eskolan aritzen naiz, Francesca Nappo irakaslearekin.

Etxean horrelako barrarik ba al duzu praktikatzeko?

Egia esan oso tentatuta nago, eta konfinamendu garaian begira ibili nintzen, baina, oraingoz, ezinezkoa da. Gure etxea oso txikia da, eta ez dakit non jarri.  

Entrenamendu zorrotzak egiten al dituzu?

Edozein kiroletan bezala, entrenamenduaren zorroztasun maila lortu nahi diren helburuen araberakoa da. Nire kasuan, disfrutatzera eta gauza berriak ikastera joaten naiz, beraz, entrenamenduak eramangarriak dira, betiere, kirolak berak eskatzen duen diziplina kontuan izanik. Teknika aldetik, berriz, gure irakaslea zorrotz jartzen da lesiorik izan ez dezagun, bakoitzaren mailak errespetatuz.

Abilezia hori jendaurrean erakustea nahiko al zenuke?

Ez, noizean behin zerbait igo izan dut sare sozialetara, baina, batez ere, gozatzeko, eguneroko tentsioak askatzeko, jende berria ezagutzeko eta osasuntsu mantentzeko egiten dut.

Agujetak, beltzuneak… izan al dituzu?

Agujetak gaur egun tamainan, gorputza ohitzen joaten da, eta geroz eta gutxiago nabari dira. Hala ere, gogoratzen dut lehen saioaren ondoren, hurrengo goizean esnatu eta ezin nuela altxatu, gorputz osoa minduta nuelako. Beltzuneena, berriz, egunerokoa da. Eskola izan eta hurrengo egunean, beti aurkitzen duzu berri bat. Agujetekin bezala, gorputza ere ohitzen joaten da, baina hasiera batean gona janzteak ere lotsa ematen zidan, hankak guztiz moretuta nituelako.

Edonork egin al dezake kirol hau? Ez du oso erraza ematen…

Bai, jarduera fisikoa egiteko gai den edozein pertsonak egin dezake. Gizonezkoek nahiz emakumezkoek, edozein adin, pisu eta sasoi izanda ere. Kirol honen abantaila nagusienetako bat da maila eta gustu guztietarako egokiak diren mugimenduen aukera ia amaiezina eskaintzen duela.

Nolako luzera izaten dute zu igotzen zaren barrek?

Lehiaketetarako barrek 4 metroko altuera eta 45 milimetroko diametroa izaten dute, baina estudio bakoitzak neurri desberdinetako barrak ditu. Gurean, ia barra guztiek neurri horiek dituzte.

Arriskutsua izan al daiteke?

Lesioak egon daitezke edozein kiroletan bezala, baina ez da arriskutsua. Pertsona bakoitzaren maila eta erraztasunak kontuan izaten dira ariketa desberdinak egitean, eta badaezpada lurrean koltxonetak egoten dira. Irakaslea ere beti egoten da adi.

Beldurrik izaten al duzu barran igotakoan?

Ni oso beldurtia naiz izatez, eta barrara igotzean erortzeko beldurra izaten dut, baina ez naiz inoiz erori. Kontuan izan behar da barra bi modutara egon daitekeela: finkatuta edo birakaria. Niri bigarrengoak ematen dit errespetu gehiago, altueran biraka zaudelako.

Geroz eta ezagunagoa al da poledance?

Bai; gainera, jendeari interes handia pizten dion kirola da. Hala ere, Euskal Herri mailan ez daude ikasteko estudio asko, Gipuzkoan bi bakarrik daudela uste dut.

Kirol indibiduala al da?

Indibidualki ikasten den kirol bat da, baina binaka ere praktika daiteke. Lehiaketetan ere bakarkako zein binakako kategoriak daude.

Olinpiar Jokoetan sartzekotan ere ibili ziren kirol hau; zertan gelditu da kontua?

2009an zurrumurruak hasi ziren, eta ordutik lanean dabiltza. 2020ko Olinpiar Jokoetan sartzea espero zen, baina COVID-19 gaitza dela-eta dena geratu da.

Argazkian, goian, Lore Ugartemendia eta, behean, Ane Bastida. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide