Loli Oteiza eta Itziar Urbieta organo-jotzaileek kontzertua eskaini dute Loiolako basilikan

Nerea Uranga 2020ko abu. 2a, 21:21

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan kontzertua eskaini dute Loli Oteiza eta Itziar Urbieta organo-jotzaile azpeitiarrek gaur arratsaldean, Loiolako basilikan.

Donostiako Musika Hamabostaldiko organo zikloko kontzertuetako bat izan da gaur, 20:00etan hasita, Loiolako basilikan. Etxekoak izan dira emanaldiko bi protagonistak, hain zuzen ere, Loli Oteiza eta Itziar Urbieta organo-jotzaile azpeitiarrak. Hainbat konposatzaileren lanak jo dituzte ordubete inguruko saioan. Urbietak organoan interpretatu dituen piezak honakoak izan dira: Johann Pachelbel-en (1653-1706) Toccata en Mi menor, Johann Sebastian Bach-en (1685-1750) Schmucke dich, o liebe seele BWV 654, Jeanne Demessieux-en (1921-1968) O filii et filiae, Arvo Part-en (1935) Spiegel im Spiegel eta Jean Langlais-en (1907-1991) Incantation pour un jour saint. Oteizak interpretatu dituenak, berriz, izan dira: Felix Mendelssohn-Bartholdy-ren (1809-1847) Sonata Nº 1 en Fa menor, OP. 65 (Allegro moderato e serioso, Adagio, Andante eta Allegro assai vivace), Josef Rheinberger-en (1839-1901) Cantinele en F-Dur eta Tomas Garbizuren (1901-1989) Sequencia sobre victimae paschali.

Koronabirusa tarteko, segurtasun eta babes neurriak hartuta egin dute Loiolako basilikako kontzertua. Alegia, kontzertuaren esku-programarik ez dute banatu basilikan bildutakoen artean. Horrez gain, aforoa mugatuta egin da emanaldia, eta basilikara sartu aurretik denek eskuak garbitu behar izan dituzte. Barruan, berriz, maskara jantzita eta segurtasun distantziak mantenduta egon behar izan dute entzuleek.