Peñagarikano eta Aizperro bigarren sailkatu dira I. Binakako Euskal Pentatloian

Uztarria 2020ko abu. 1a, 14:37
Kepa Peñagarikano, pentatloia jokatzen. (Tolosaldeko Ataria)

I. Binakako Euskal Pentatloia jokatu zuten atzo Tolosako zezen plazan, eta Xabier Orbegozo Arria V.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a nagusitu ziren lehian. Kepa Peñagarikano eta Joxean Olaskoaga Aizperro, berriz, bigarren sailkatu ziren. Ia minutu bateko aldea atera zieten aurrenekoek bigarrenei.

I. Binakako Euskal Pentatloia jokatu zuten atzo –ostirala– zazpi bikotek Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan; tartean izan zen Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra bikote zuela. Hiru txandatan banatuta jokatu zuten lehia, eta azken txandan aritutako Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra zan ziren garaile. Haien atzetik, berriz, Peñagarikano eta Aizperro sailkatu ziren –41 minutu eta 53 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko–; ia minutu bateko aldea atera zieten garaileek azpeitiarrari eta oriotarrari.

Azken orduko aldaketa bat ere izan zen pentatloian: Luis Txapartegi aizarnarrak min hartu zuen, eta haren ordez, Jokin Eizmendi zarauztarra aritu zen Jagoba Otaegi aizarnarrarekin batera; seigarren postuan sailkatu zen bikote hori. 

Kirolariek honako lan hauek egin behar izan zituzten zezen plazan: 100 kiloko bola 40 aldiz jaso, giza proban lau plaza egin, lau kana-erdiko ebaki, 50 kiloko bi txingekin zortzi plaza egin eta lau kilometro korrika –hau da, ehun itzuli bikote bakoitzak zezen plazari–. Proba bakoitzean, bikoteko kide batek lanen %40 egin behar izan zuen, gutxienez.

Bero egin zuen atzo, baina jende ugari animatu zen Tolosako zezen plazara, lehia bertatik bertara ikustera.

Sailkapena

1. Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 40 minutu 58 segundo.

2. Kepa Peñagarikano eta Joxean Olaskoaga Aizperro: 41 minutu 53 segundo.

3. Xabier Zaldua eta Jon Gisasola Zelai V.a: 43 minutu eta 22 segundo.

4. Julen Kañamares eta Xabier Urrutia: 49 minutu eta 42 segundo.

5. Beñat Amade eta Osman Drame: 50 minutu 25 segundo.

6. Jokin Eizmendi eta Jagoba Otaegi: 54 minutu eta 7 segundo.

7. Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza: Utzi egin behar izan zuten lehia.