San Inazio bigarrenez Loiolako elizkizunean izan da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria

Nerea Uranga 2020ko abu. 1a, 13:11

San Inazio bigarrenez meza izan da Loiolako basilikan, gaur, 11:00etan; babes neurriak hartuta egin dute elizkizuna. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat agintari izan dira elizkizunean. Azpeitiko Udalak segurtasun neurri gisa, festetako ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu.

San Inazio bigarrenez meza izan da Loiolako basilikan, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak zuzendu du elizkizuna eta hainbat apaiz eta jesuitek parte hartu dute. Koronabirusa tarteko, hainbat segurtasun neurri hartu dituzte Loiolan: santutegiko aforoa 220 pertsonara mugatu dute, eta sarrera eta irteera seinalatu dituzte. Horrez gain, basilikara maskara jantzita eta eskuak garbituta sartu beharra zegoen.

Koronabirusak eragindako osasun krisia tarteko eta segurtasun neurri gisa Azpeitiko Udalak saninazioetako ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu. Ondorioz, ezohikoa izan da San Inazio Bigarrena ere Azpeitian. Alegia, ez dute egin agintarien udaletxe aurreko ekitaldirik, ezta Loiolan ekitaldirik ere. Hala ere, Loiolako santutegiko gaurko elizkizunean Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat agintari izan da, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko eleduna eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatua.

Basilikaren kanpoko aldean ere jendea bildu da meza entzutera, megafoniatik elizkizuna jarraitzeko aukera izan baita.