Osasun eta segurtasun neurriak hartuta egin dute San Inazio eguneko meza

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 31a, 11:50

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak eman du San Inazio eguneko meza, eta hainbat herritar bildu da Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Osasun eta segurtasun neurriak ezarri dituzte parrokian, kutsatzeak saihesteko.

Ezohiko egoeran bada ere, herritarrek aurten ere ez dute hutsik egin, eta jende asko bildu da Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak eman duen San Inazio eguneko mezan. COVID-19a dela eta, ordea, ezberdina izan da aurtengo ekitaldia; izan ere, ez da prozesiorik izan kaleetan barrena.

Parrokian osasun eta segurtasun neurriak bete dituzte, eta aurrez mezara joateko gonbidapena eskatu zutenek soilik izan dute eukaristia entzuteko aukera. Horrez gain, eserlekuetan distantziak mantentzeko seinaleak jarri dituzte, eta herritarrek fin errespetatu dituzte ezarritako neurriak.

Ignaziotar Bidearen filma

Bestalde, eukaristia hasi baino minutu batzuk lehenago, Ignaziotar Bidearen inguruko film baterako irudiak grabatzen jardun da Hungariako ekoiztetxe bat. Filmean agertuko diren erromesekin hainbat irudi hartu dituzte kamerek parrokiako atarian, eta datozen egunetan Ignaziotar Bideko beste gune esanguratsu batzuetan jarraituko dute filma grabatzen.