Erretratua

Lurdes Alkorta: "Ez dago ikasle batek zerbait eskatu eta hura irakastea baino ezer hoberik"

Elena Marguello 2020ko ira. 2a, 08:33
(Marrazkia: Olatz Alkorta)

10 urterekin hasi zen Lurdes Alkorta (Azpeitia, 1973) trikitia jotzen, eta afizioa ogibide bilakatzea lortu zuen. Trikitiaz, ibilbide profesionalaz eta beste hainbat zaletasunez hitz egin du musikariak 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian.

10 urte ingururekin hasi zen Lurdes Alkorta trikitia jotzen, eta ordutik, musika da bere bidelaguna. "Etxean
gehien jaso dudan instrumentua da trikitia", azaldu du. Izan ere, Alkortaren ama Aiakoa (Gipuzkoa) izanik, Aristerrazuko erromerietara "askotan" joaten zen txikia zela, eta handik datorkio trikitiarekiko nahiz musikarekiko afizioa.

Lehenengo hiru-lau urteetan Sakabi izan zuen irakasle, eta jarraian, beste hiru urte egin zituen Lajarekin. "Garai hartan trikitia ez zen solfeo bidez ikasten, aurrez aurre ikasten genuen", gogoratzen du Alkortak. Sakabi izan zen solfeo klaseak hartzera animatu zuena, eta bai egin ere: musika eskolan izena eman zuen, eta bost urte egin zituen solfeoko klaseak hartzen. Hastapenetako oroitzapen "onak" ditu Alkortak, "horixe" baitzen berak ikasi nahi zuena. Dena den, izaten ziren trikitia gogoz jotzen ez zuen egunak ere; izan ere, batzuetan, kuadrillakoak kalera irteten zirenean eta tinbrea jotzen ziotenean, entseatzen geratu behar izaten zuen Alkortak etxean. Hala ere, azpeitiarrak bazekien musikak "diziplina" eskatzen zuela; hau
da, ikastolara joatea bezala zela trikiti klaseetara joatea: "Trikiti klaseetan izena emana nuen, eta nire egunerokotasunaren parte zen".

Trikiti klaseetara bakarrik joaten bazen ere, bazuen auzoan trikitia jotzen zuen lagun bat. Bi lagunen etxeetako leihoek patio berera ematen zutela aprobetxatuz, leihora gerturatu eta zein pieza jo adostuta, elkarrekin aritzen ziren jotzen. "Auzokoek gustura entzuten zutela uste dut; batzuek pieza zehatzak jotzeko eskatzen ziguten", gogoratzen du trikitilariak.

Atzera begiratuta, trikitia ikasi eta gero txapelketetan parte hartzen hasi zela oroitzen du Alkortak. Erromerian ere aritu izan zen, eta Aukeran dantza konpainiako parte ere izan zen hainbat urtez. "Talde handi hartan gustura ibiltzen nintzen, elkarlanean aritzen ziren eta asko gustatzen zitzaidan elkarren artean zegoen giroa". Erromerietan jotzen zuen sasoi hartako oroitzapen "politak" dituela baieztatu du Alkortak. Baina erromeriak alde batera utziak ditu gaur egun, ez baitu nahi "larunbatero erromerietara joan eta lau orduz trikitia jotzen” aritzea. Orain, kasu "puntualetan" jaialdietan-eta jotzen jarraitzen duen arren, kontzertuak ematea ez du gustuko Alkortak: "Publikoa eserita dagoela taldekoei begira egotea ez zait asko gustatzen".

Trikiti irakasle lanetan Elgoibarren (Gipuzkoa) hasi zen Alkorta. "Nire senarrak eskola bat zuen han, eta saioak haur askori eman behar izaten zizkienez, laguntzearren hasi nintzen bertan lanean". Geroago, Hernaniko (Gipuzkoa) musika eskolatik hots egin zion Joseba Tapiak, hark lanpostua utzi egin behar zuela eta. "Gero oposaketak egin nituen, eta bertan nago ordutik".

Musikazaletzat du bere burua azpeitiarrak, eta askotariko musika entzuten du: "Edozein musika klase entzuten dut, eta dantza egitea ere asko gustatzen zait, jotzea bezainbeste". Musikak "asko" ematen diola sentitzen du Alkortak, eta hark zehaztu duenez, ez daki zer litzatekeen bizitza musikarik gabe. Hori dela eta, irakasle izatearen alderik onena dakiena ikasleei irakastea dela dio: "Ez dago ikasle batek zerbait eskatu eta hura irakastea baino ezer hoberik". Kontzertuak prestatzen dituenean eta horiek ondo ateratzen zazkionean ere "beteta" sentitzen da musikaria, baita txapelketetara joaten diren ikasleek zerbait irabazten dutenean ere.

Azken urteetan musika irakasteko modua asko aldatu dela dio Alkortak. "Ni ikasle nintzen garaian, aurrez aurre ikasten genuen guztiok; irakasleak piezak jotzen zituen, eta gero hark jotakoa errepikatzen genuen". Gaur egun, baina, txikitatik ikas daiteke musika eskoletan, eta instrumentua solfeo bidez irakasten da. Hala ere, ikasleek musika tresna dominatzen dutenean aurrez aurre irakastea "gustatzen" zaio azpeitiarrari: "Modu horretan belarria lantzen du ikasleak".

Trikitiari hainbat bereizgarri topatzen dizkio Alkortak; horien artean dira honako ezaugarri hauek: "Autoktonoa da, batetik bestera mugitzeko erraza ere bai, eta edozein taldetan jotzeko moduko instrumentua da". Alkortarentzat trikitia da bere lehenengo soinu tresna, nahiz eta gitarra jotzen ere aritu izan den eta gaur egun pixka bat "lardaskatzen" duen. "Erromerietan gitarra ere jotzen nuen, eta fandango eta arin-arin piezak tokatzen zirenean trikitiarekin aritzen nintzen. Kostatu egiten zitzaidan gitarra hartzea, nik dominatzen nuen soinu tresna trikitia baitzen". Instrumentuak jotzeaz gain, abestu ere egiten zuen Alkortak erromerietan: "Garai batean pandero jotzaileek bakarrik abesten zuten, baina 1988ko txapelketan Tapia eta Leturia batera abesten hasi ziren, eta oso modan jarri zen binaka kantatzea".

Trikiti jotzailea izanik, trikitia entzuten du "gehien" Alkortak: “Esne Beltza, Gozategi eta horrelakoak entzuten ditut; ikasleek horrelako piezak eskatzen dituztelako komeni zait horiek entzutea". Hala ere, folk estiloko musika guztia atsegin du eta irratian jartzen duten guztia entzutea gustatzen zaio azpeitiarrari. Trikitilariei dagokienez, berriz, bere irakasle izan zirenak ditu erreferentziatzat: Tapia, Sakabi edota Martin. Geroago, Alkorta baino hiru-lau urte zaharragoak diren Zabale, Imuntzo edota Gozategi bilakatu ziren erreferente: "Txapelketetan hasi nintzenean horiek guztiak ni baino zaharragoak ziren, eta alde handia zegoen haien eta nire artean".

Inguruko trikitilari ezagunenekin jotakoa da Alkorta. Hala ere, badu egindako ibilbidean "garrantzitsuenetarikoa" izan zen emanaldi gogoangarri bat: Mikel Laboarekin Azkoitiko plazan jo zuenekoa. "Ez dut kontzertu hartako argazkirik. Garai hartan kontzertu bat gehiago izango zen hura niretzat, ez nion beste munduko garrantzirik eman. Orain, ordea, xamurtasunez gordetzen dut oroitzapen hura", azaldu du Alkortak.

Trikitia Alkortaren bizitzaren parte da, baina ez harena bakarrik. "Gure etxeko trikitiak kaxetan ez dira asko egoten, senarrak, semeak eta nik jotzen ditugu eta". Dena den, trikitia eskuetan ez duenean "atsegin" dituen zaletasunetarako denbora hartzen du Alkortak: "Areto dantzen saioetara joaten naiz, eta kuadrillakoekin egotea eta haiekin denbora pasatzea gustatzen zait. Oso kalezalea naiz".