Naturaren jagoleak

Anartz Izagirre 2020ko abu. 10a, 09:59

Ingurunea zaintzea guztion ardura dela esan ohi da, eta denok egin dezakegula zerbait natura zaintzeko. Gai horrek batuta, Urola Bizirik taldea sortu dute bailarako ibaien eta basoen egoera hobetzeko helburuarekin, eta etorkizuneko proiektuak azaldu dituzte bertako kideek 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian.

Urola bailarako inguruneak zaindari bat baino gehiago ditu urte honen hasieratik. Izan ere, duela hilabete batzuk Urola Bizirik taldea sortu zuten eskualdeko ingurumenaren egoeraz bereziki kezkatuta dauden hainbat herritarrek. Talde horretako kide dira Luis Juaristi (Azpeitia, 1950) eta Aitor Aldalur (Zumarraga, Gipuzkoa, 1957), eta pandemiak joan ziren hilabeteetarako zituzten asmoak zapuztu badizkie ere, aurrera begirako ekintzak gauzatzeko "gogotsu" daudela nabarmendu dute biek ala biek.

Azkoitian egin zen deialdi batek elkartu zituen oraingoz Urola Bizirik taldea osatzen duten bederatzi kideak, eta horregatik dute hango kultur etxean taldearen egoitza. Hala eta guztiz ere, "eskualde osoko taldea" dira, taldekideak azpeitiarrak, azkoitiarrak eta zestoarrak baitira. Taldea sortu arte naturaren aldeko ekintzak "norberak bere kasa" egiten zituela nabarmendu dute bi azpeitiarrek, baina Urola Biziriken sorrerak "naturarekiko ardura bera zuten herritarrak" elkartzea ahalbidetu duela diote. Juaristiren kasuan, Urola ibaiaren dokumentalean parte hartu zuela-eta jaso zuen taldera batzeko gonbidapena, Aldalurren eskutik: "Jabier Arenasek eta biok Urola ibaiaren dokumentala egin eta aurkeztu genuen eskoletan; guztira, 27 emanaldi egin genituen. Aitorrek ere bazuen horren berri, eta taldera batzeko proposamena egin zidan", azaldu du Juaristik.

Ordutik, taldea egituratzen joan dira apurka-apurka, eta jadanik estatutuak onartuta dituztela azaldu du Aldalurrek. Bestalde, taldeko karguak izendatzeaz gain, epe motzean nahiz luzean gauzatuko dituzten ekintzak zehazten ari direla ere nabarmendu du. "Naturaren aldeko egitasmoak ertz asko ditu, baina gu elkartu gaituzten sentsibilitateak bi dira bereziki: ibaiak eta basoak. Badugu nahikoa zeregin bi arlo horietan, baina beste arlo batzuetara ere helduko gara noizbait", dio Aldalurrek. Juaristi ere bat dator: "Ibaiena behintzat oso garbi dugu, herritar guztiok baikara horren errudun. Basoetan ere, bidetik apur bat aldentzen bazara, gure inguruan legez kanpoko zabortegi pila bat daudela ikusten duzu. Hori guztia salatzera gatoz".

Egoera horiek salatzeaz gain, ordea, beste helburu argi bat ere badute Urola Bizirikeko taldekideek: kontzientziazioa. "Oso-oso beharrezkoa da naturari egiten ari garen kaltearen inguruko kontzientzia bultzatzea. Etxebizitzetako hondakinak sailkatzeko zazpi edukiontzi daude Azpeitian, baina jende askok lurrera botatzen du oraindik zaborra. Kontua ez da zaborra ez botatzea bakarrik; ahal izanez gero, zabor hori jaso ere egin behar dugu, edo salatu bestela", azaldu du Juaristik. Horri lotuta, Aldalurrek dio Azpeitian ingurumen mahaia osatzea dela beren asmoetako bat: "Harremanetan gaude Azpeitiko Udaleko Ingurumen Sailarekin, eta herrian Ingurumen Mahaia martxan jartzea nahiko genuke epe laburrean, kontzientziazioa bultzatzeko".

Ibaiak garbi eta oparo

Aldalurrek dioenez, garbia egoteaz gain, egoera ekologiko ona izan behar du ibai batek osasuntsu mantentzeko, eta Urola Biziriketik alderdi hori ere landu nahi du. Ura agentzia arduratzen da, besteak beste, ibaien egoera aztertzeaz, eta duela aste batzuk iragarri zuen erakunde horrek Urola ibaiko uraren egoera ekologikoa zein kimikoa "ona" zela. Garai batetik hona ibaietako eta erreketako uraren kalitatea "zeharo" aldatu dela esatearekin bat dator Juaristi: "Urola ibaiaren dokumentala egin genuenean ikusi genuen ingurune zoragarri batean bizi garela. Harrituta gelditu ginen Urola ibaiak zer-nolako bizitza zuen eta zenbat animalia zituen ikustean". Hala eta guztiz ere, ibaietan "kamioikada zikinkeria" jasotzen dutela azaldu du, eta adierazi du zeregin horri eutsi behar zaiola berandu baino lehen. Aldalur ere bat dator gai horri lehenbailehen heltzeak duen garrantziarekin: "Dena gurea izango balitz moduan jokatzen dugu gizakiok, eta ingurunea zeharo hondatu dugu gure jarrera oldarkorrarekin".

Ibaien egoeraz kezkatuta, beraz, datozen hilabeteetarako hainbat ekintza ditu buruan Urola Bizirik taldeak; besteak beste, Urrestilla eta Azpeitia arteko Ibaieder ibaia garbitzea. "Azpeitiko Udaleko Ingurumen zinegotziak aitatu zigun Ibaieder garbitzeko egitasmoa. Izan ere, Urola ibaiko zikinkeria herri eta leku gehiagotatik etor daiteke; beraz, ez dago jakiterik zabor hori nondik datorren", dio Aldalurrek. Hori dela eta, udalaren ideia egokia litzatekeela iritzi zioten Urola Bizirikeko taldekideek, herriko ibaia izanik, zaborra ere herritarrek edo bertako lantegiek sortutakoa delako: "Ibai hori ondo txukunduta, ibaiaren egoera aldatzea posible dela eta ardura geurea dela erakutsi nahi diegu herritarrei".

Urola Bizirik taldea harremanetan dago eskualdeko udalekin, ingurumena zaintzearen eskumena eta ardura herritarrena ez ezik, erakundeena ere badela uste baitute taldekideek. Duela hilabete batzuk Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udaletara jo zuen Gorka Alberdi Urola Bizirikeko taldekideak, kaleetako zaborra ibaira eror ez zedin burdin sareak jartzea proposatuz. Aldalurrek eta Juaristik diote udalek begi onez hartu zutela taldearen proposamena, eta zabor gehien pilatzen den guneen inguruko ikerketa bat egin ostean, herri horietako hainbat eremutan jarri dituztela burdin sareak. Eredu horrek funtzionatu duen arren, Juaristik uste du hobea litzatekeela sare horien beharrik ez izatea: "Jendeak zaborra bere lekura botako balu, ez genuke halakoen beharrik izango".

Zaborra murriztea helburu

Ibaiak eta basoak osasuntsu izateko lehen pausoa zabor gutxiago sortzea da, eta Urola Bizirik taldeko kideek argi dute hori dela egungo gizartearen erronka nagusienetako bat. Hain zuzen ere, gai horren bueltan elkartu ziren Urola Bizirikeko zenbait kide lehen aldiz, taldea sortu aurretik. Izan ere, Azkoitiko sanandresetan eta Azpeitiko santotomasetan, 05:00etan atera zen kalera hainbat boluntario, eta kaleetan zegoen zabor guztia jasotzen hasi ziren: "Garbitzaileen aurretik atera ginen zaborra jasotzera Azpeitiko eta Azkoitiko jaietan, eta zabor guztia pilatu eta argazkiak atera genituen herritarrei erakusteko". Ildo horretatik, Urola Bizirik taldeko kideek diote erakundeek "erantzukizun handia" dutela zeregin horretan.

Zaborra pilatzearen inguruko hainbat proposamen aurkeztu ditu Urola Bizirikek udaletan; besteak beste, jaietan edalontzi biodegradagarriak erabiltzea proposatu du. Hala dio Juaristik: "Jendeak lurrera edalontzi asko botatzen duela jakinik, edalontzi horiek biodegradagarriak izan daitezen eskatzen dugu. Plastikozko edalontziek 500 urte inguru behar izaten dute desegiten; plastiko horiek desegin ahala, ibaietara isurtzen dira, eta arrainek jan egiten dituzte". Hori dela eta, festetan tabernariak baso biodegradagarri horiek erabiltzera behartu behar direla uste du azpeitiarrak. Dena den, Juaristik onartzen du askotan zaborra botatzea ez dela uste bezain erraza izaten: "Santotomasetan atera ginenean, jendeari esan genion edalontziak lurrera ez botatzeko, baina zaborra nora bota behar zuten galdetzen ziguten haiek, horretarako edukiontziak gainezka zeudela eta". Zentzu horretan, Aldalurrek dio "lanketa handia" dutela egiteko erakundeek, eta udalek ezin dutela "beste aldera begirat".

Kontuak kontu, Urola Bizirikeko taldekideak kontziente dira zaborraren arazoa erro-errotik aldatu beharreko kontua dela, eta horren adibide moduan supermerkatuetako produktuak jarri dituzte: "Enpresetara idazten dugu esanez produktuak ontziratzeko orduan ez erabiltzeko plastikoa, kartoia, zilarra eta halakoak". Datozen hilabeteetan gai horren inguruko ekintzak egitea ere buruan dutela dio Juaristik: "Jendeari esan behar diogu supermerkatuetan produktu bera plastikorik gabe baldin badago, hura hartzeko. Izan ere, janaria ontziratzen dutenek zenbait produktu ez direla saltzen ikusten badute, gauzak aldatzen hasiko dira".

Klima aldaketaz arduratuta

Bailarako natur taldearen xedea ibaien eta basoen egoera hobetzea bada ere, Urola Bizirikeko kideek klima aldaketaz ere jarduten dute eztabaidatzen. Izan ere, Juaristik eta Aldalurrek diote ibaiak eta basoak zikin egoteak "zerikusi zuzena" duela klima aldaketarekin ere, eta gaur egungo basogintza jarduerek eta norbanako jarduerek ere eragin zuzena dutela naturaren osasunean: "Konfinamenduak erakutsi du gauzak alda daitezkeela, etxean sartuta egon garenean kutsadura %50etik gora jaitsi baita leku batzuetan". Aldalurrek dio "txip aldaketa" lehenbailehen egin behar dela: "Munduaren egoera erretzaileekin konparatzen dut nik. Erretzaileek badakite beren birikentzat txarra dela erretzea, eta gorputzak abisuak ematen dizkie. Osasun krisialdi bat izaten duenean jasango ditu erretzaile batek egun batzuk erre gabe, baina erretzeari betiko utzi ezean, berriro gaixotuko da. Munduari ere halako zerbait gertatzen zaio; mundu erretzaile bat sortu dugu, eta hori errotik mozten ez badugu, minbizi handi batekin amaituko du".

Pandemiak "mundua birpentsatzeko modua" eman diela eta natura gizakiari "abisuak ematen" ari dela azaldu du Aldalurrek. Juaristi ere bat dator horrekin: "Naturaren defentsa bat da. Ekonomia erori da behar duguna bakarrik erosten hasi garelako orain, eta ekonomia behar ez ditugun gauza mordoa erosteko eginda dago". Era berean, Juaristik dio konfinamenduak "jende askoren bizitza" salbatu duela: "Urtean zazpi milioi pertsona hiltzen dira kutsaduragatik, eta konfinatuta egon beharrak auskalo zenbat bizitza salbatu dituen mundu osoan zehar". Dena den, koronabirusaren kontuak bestelako irudiak ere utzi dituela azaldu dute biek ala biek: "Azpeitiko Udalak 300 aldiz erabil daitekeen maskara bat atera du, eta jende asko erabilera bakarreko maskararekin dabil kalean. Ez dit koadratzen horrek", dio Aldalurrek. Gainera, azken hilabeteetan ibaiak maskaraz, eskularruz eta osasungintzako bestelako materialez bete direla salatu du Juaristik: "Zein burutan sartzen da maskarak eta eskularruak ibaira botatzea, horiek kutsatuta egon daitezkeela jakinaren gainean egonda?".

Urola Bizirik inguruneari kalte egiten dion guztiari aurre egiteko sortu dela garbi dute Aldalurrek eta Juaristik, eta taldearen ibilbidea hasi besterik ez dela egin esan dute. "Orain arte banaka ibili gara zeregin horretan, baina indar handia eman digu talde bat sortzeak, banaka aritzeak frustrazioa eragiten baitzigun". Juaristi ere bat dator Aldalurrekin, eta orain indartsuagoak direla dio: "Enpresa batera zaborra bota dutela salatzeko deitzean, ez da gauza bera nik neure izenean edo Urola Bizirik taldearenean egitea. Kasu gehiago egiten digute orain". Gauzak horrela, koronabirusak uzten dien heinean behintzat, ingurumenaren aldeko ekintzak egiten jarraituko dute Urolako naturazaleek uda ostean, betiere ibaien eta basoen egoera hobetzea iparrorratz hartuta.