Aizpuru III.ak Banakako Erremonte Txapelketa jokatuko du

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 30a, 11:14
Aizpuru III.a erremontista azpeitiarra. (Argazkia: Oriamendi 2010)

Larunbatean hasiko du txapelketa erremontista azpeitiarrak, Juanenearen aurkako norgehiagokarekin. Jagoba Labaka mendean hartuta lortu du Aizpuru III.ak Buruz Buruko Kutxabank Sari Nagusia txapelketan sartzea.

Joxin Aizpuru Aizpuru III.a erremontista azpeitiarrak larunbatean, abuztuak 1, hasiko du Banakako Erremonte Txapelketako lehia. Juanenearen aurka jokatuko du partida, 16:00etan hasita, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. 30 tanto egiten dituen jokalariak irabaziko du txapelketako lehen puntua.

Azpeitiarrak beste azpeitiar bat kaleratu zuen kanporaketako partidan: Jagoba Labaka. Ondorioz, Aizpuru III.ak lortu zuen Buruz Buruko Kutxabank Sari Nagusia txapelketan sartzea. Lehen fasean bi multzo osatu dituzte. Multzo batean daude Juanenea, Zubiri eta Aizpuru III.a; bestean, berriz, Larrañaga, Segurola eta Zaldua edo Urrutia. Multzo bakoitzean lehen postua lortzen duten bi erremontistek elkarren aurka jokatu beharko dute partida, abuztuaren 8an; irabazleak bigarren fasera egingo du jauzia. 

Txapelketaren bigarren fasean, Ansa II.a eta Goikoetxea izango ditu zain lehen faseko irabazleak. Hiru erremontista horiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta hiruretan onenak txapelketaren azken fasera edo fase nagusira sailkatzea lortuko du. 

Banakako Erremonte Txapelketako fase nagusian iazko hiru erremontista onenak sartuko dira lehiara: Urriza, Barrenetxea eta Endika. Hiru horiek eta txapelketan ibilbidea luzeena egiten duen erremontistak jokatuko dute azken fasea.