Gaztetxearen 15 urteko ibilbideak utzitako argazkien erakusketa izango da bihar plazan

Nahiz eta gaur ziren erakusketa egitekoak, bihar zintzilikatuko dituzte argazkiz osatutako panelak plazako arkupeetan, eta ikusgai izango dira egun guztian zehar. 

Argazki erakusketarekin itxiko dute bihar, osteguna, Azpeitiko Gaztetxearen 15. urteurrenaren harira antolatutako egitaraua. Gazte asanbladako kideek plazako arkupeetan jarriko dituzte zintzilik eta ikusgai Azpeitiko Gaztetxearen 15 urteko ibilbideak utzi dituen dozenaka argazkiz osatutako panelak. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, erakusketara bertaratzen diren herritarrek denetarik ikusi ahal izango dute argazkietan: "Gaztetxea ireki zutenetik gaur egunera arteko argazkiak inguratu ditugu. Horietako batzuk inprimatu eta paneletan jarri ditugu, azalpen eta guzti. Hainbat urtetako Gazte Astetako argazkiak,  askotariko ekintzetakoak, urteurrenetakoak, mobilizazioenak... Denetarik izango da ikusgai". 

Gaur ziren erakusketa musikatua egitekoak, baina bihar egitea erabaki dute, eta musikarik gabe. Egun osoan zehar izango dira ikusgai Gaztetxearen 15 urteko ibilbideak utzi dituen irudiak plazan. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide