"Mundua gainera erori izan balitzaigu bezalaxe gelditu ginen"

Josu Soraluze, kiskalitako artegia atzean duela. (Alex Berasategi)

Hilabete pasatu da Josu Soraluzeren (Azkoitia, 1985) Etumeta baserriko artegian sua piztu eta dena kiskali zela. Egun batzuk burumakur pasatu baditu ere, ez du galdu kemenik. Herritarrei oso eskertuta dago, elkartasun kanpainarekin bat egin dutelako. Udazken alderako nahi du lehengoratu proiektua. 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da hau.

Zer moduz zaude?

Beno, orain hobeto gaude. Hasi gara gertatutakoa irensten. Jendea asko ari zaigu laguntzen, eta estimatzekoa da hori. Hasieran, artegia erre zenean, mundua gainera erori izan balitzaigu bezalaxe gelditu ginen. Izan ere, dena erre zen, eta ezer gabe gelditu ginen. Orain hobeto gaude, baina gaizki, gaizki egon gara.

Zer kalte eragin zituen suteak?

Animaliak erre zaizkit, batez ere: 130 bat bildots, txakurra eta lau katakume. Horiez gain, bi traktore eta auto bat ere bai. Erremintak, material guztia... dena erre da.

Animalia guztiak erre al zaizkizu?

Jezteko ardiak, justu, kanpora bidali nituen, eguraldi ederra iragarri baitzuten hurrengo egunerako. Aitak galdetu zidan kanpora aterako al genituen, eta baietz esan nion. Bildotsak, berriz, etzanda lo zeuden, eta hurrengo egunean ateratzekotan gelditu ginen. Sua piztu zenean barruan zeuden horiek. Dena den, jezteko ehun bat ardi kanpoan ziren. Beste 90 bat aharitzen ari dira, eta haiek ere ez ziren erre.

Suaren sorburua non izan zen ba al dakizue?

Gauza garbirik ez dakigu oraindik, baina pentsatzen dugu koadro elektrikoan piztuko zela sua. Dena den, ez digute baieztatu, inork ez digu ezer esan. Dena erre dela da dakigun gauza bakarra.

Noiz jakin zenuen sua piztu zela?

Goizeko zortziak aldean, ardiak jeztera baserrira joateko prestatzen ari nintzela. Auzokideak mugikorrera deitu zidan: ez nuen halakorik espero, baina "etor hadi azkar, ukuilua sutan zagok eta!", esan zidan. Ez nuen sinetsi ere egin. Autoa hartu eta ahalik eta azkarren joan nintzen baserrira, baina ni iristerako, han ziren suhiltzaileak eta dena erreta zegoen. Sustoarekin joan nintzen baserrira, baina ordurako berandu zen.

Urteetako ilusioa zapuztu zaizula esan al daiteke?

Bai. 2017an utzi nuen lana, baina lehenagotik nuen buruan artegiaren kontua. 2017an hasi ginen proiektua martxan jartzen, eta izapide eta paper kontu asko eginda, abian ginen dagoeneko.

Sutea tarteko, zer egoeratan gelditu zara?

Denok bizirik eta ondo gaude, behintzat; hori garrantzitsua da. Baina egoera txarra da. Ardiekin zerotik hasi behar izan dugu lanean, eskuz jezten eta abar. Auzoko batek makina txiki bat ekarri dit oraintsu, eta hari esker, nahiko ondo ari gara moldatzen berriz ere.

Sutearen ondorioak arintzen laguntzeko, elkartasun kanpaina jarri dute martxan. Espero al zenuen halakorik?

Ez nuen espero jendeak halako borondate ona azaltzerik. Egia esan, ez nekien nola aterako zen kontua. Elikaguneko Ioritzek [Aizpuru] deitu zidan diru bilketa antolatzen ari zirela esateko eta zer iruditzen zitzaidan galdetzeko. Oso ondo iruditzen zitzaidala esan nion, eta ordutik, haiek egin dute guztia; ikaragarri ari zaizkit laguntzen. Alde onari begiratu behar bazaio, halakoak ikusten dira. Jendearen borondate ona eskertzekoa da.

Zer moduz doa kanpaina?

Izugarri ari zait laguntzen jendea; ahal duena, ahal duen moduan. Erantzun oso ona ari da izaten diru bilketa, eta laguntza bonuak ere ondo ari dira saltzen. Elikaguneko kideak ari dira dena aurrera eramaten; izan ere, ni izapideekin nabil, aseguru etxearekin, fakturekin, aurrekontuekin... Egia esan, horrelako gauzek aurrera egiteko indarra ematen dute. Lehen bi egunetan lur jota egon ginen, baina deiak jasotzen hasi ginen, eta indarra hartzen.

Proiektuari berriz ekiteko gogotsu al zaude?

Nahiago nuke dagoeneko bukatuta bagenu guztia, berriz ere martxan hasteko. Lehenbailehen hasi nahi dut: ahal baldin badut, udazkenerako artegia lehen bezalaxe muntatuta izatea nahi dut. Arkumeak jaiotzen hasiko dira berriz ere, horiek aurrera segitzen dute, eta gunea lehenbailehen egokituta hobe. Leku berean eraikiko dugu berriz ere artegia; izan ere, oso ona zelako aukeratu genuen leku hori. Dena desmuntatu behar da, eta berriz ere dena egin. Gauzak nola dauden ikusi ere bai, dena kiskalita eta ukituta dagoela dirudi, eta...

Zer behar duzu artegia berriz martxan jartzeko?

Aseguruak ondo erantzutea lehendabizi; hori oso garrantzitsua da. Eskerrak asegurua egina nuen... Eta, horrez gain, denon indarra, berriz ere martxan jartzeko indarra. Familiakoak asko ari zaizkit laguntzen, ari dira berriz ere animatzen.

Noiz eta nolatan hasi zinen artegiko proiektuarekin?

Gurean beti izan dira animaliak, txiki-txikitatik izan ditugu animaliak baserrian, eta beti gustatu izan zaizkit. Lanetik atera eta Etumetara joaten nintzen aitari laguntzera. Duela urte batzuk ezkondu egin nintzen, haurdun gelditu zen gero Amaia [emaztea], eta orduan kanpora joaten nintzen lanera. Horrela ezin nuela segitu erabakita, aita ere zahartu egin zelako eta baserriko jardunari jarraipena emateko, 2017an eraikuntzako lana utzi eta profesionalki hasi nintzen baserriko jardunarekin.

Gauza bat da ideia izatea... Baina zerk bultzatu zintuen urratsa egitera?

Ilusioak. Familiarekin, baserri munduan, naturari lotuta ibiltzea gustatu egiten zait, eta horrexek bultzatuta eman nuen pausoa. Familian bazen baserriarekiko lotura, eta animaliekin ibiltzea gustatzen zaidanez...

Erraza egin al zitzaizun lehen zenuen lana utzi eta bizimodu berrira ohitzea?

Beldurra ematen zidan aldaketak, baina aurrera egin nuen. Gustura banintzen ere, beldurra izan nuen hasieran. Eraikuntzako lana utzi egin nuen, baina nagusiek esan zidaten oso gustura zeudela nirekin, eta zerbait gaizki ateratzen bazitzaidan, lasai joateko beraiengana, ateak irekita izango nituela eta. Horrek babesa ematen du; izan ere, arriskatu eta gaizki ateraz gero, beste nonbaitera joan behar duzu ate joka.

Baserria zer den bazenekin lehendik...

Bai, bai, noski. Bizitza guztian ezagutu ditut animaliak gure baserrian, baina ordutik asko aldatu dira gauzak. Bizimodua aldatu egin da, eta gaur egun berritu beharra dago baserritik bizi nahi baldin bada. Bestela, jai dago.

Lehen sektorean ere garrantzitsua da, beraz, berrikuntza?

Garaira egokitu beharra dago, atzean geldituta ez dago ezer egiterik. Lehen bost behirekin eta baratze koskor batekin bizi ziren, eta orain horiekin ez dago ezer egiterik. Berritu egin behar da, beti.

Zuk berrikuntza ugari egin zenuen artegian, ezta?

Bai. Aitak ere egin zituen inbertsio batzuk bere garaian; besteak beste, ganadutegia eraiki zuen. Nik, berriz, artegia egin nuen, eta su hartu zuenean berri-berria zegoen. Jezteko gela estreinatu nuela lau hilabete izango ziren... Dena erre da, ordea. Izapide pila bat egin behar dira halako proiektu bat martxan jartzeko: proiektua egin, baimenak eskatu... Horixe da alderik txarrena. Izan ere, ez naiz oso amorratua paper kontuekin. Oraintxe ari ginen baimen eta paper kontuak bukatzen, eta berriz ere zerotik hasi behar!

Artzain lanetan hasterako, ikasketak egin al zenituen?

Gurean beti izan dira ardiak, baina ikastaroak, praktikak eta abar egin ditut. Gauza berri asko ikasi nituen horietan. Adibidez, genetika oneko ardiak ari nintzen sortzen, esne ona ematen dutenak. Beti egoten da zerbait ikasteko, eta ni hala ari nintzen, gauza berriak ikasten.

Zer ikasketa egin zenituen?

Lurgintzaren bidez, tutore bat jarri zidaten, eta hark ikastaroen berri ematen zidan. Gomiztegi gazteentzako artzain eskolara joateko esan zidan, ikastaro batera, eta han oso gustura sentitu nintzen. Teoria irakatsi ziguten, ukuiluak ikusi genituen... Gomiztegiko arduradunak esan zidan nahi banuen denbora gehiagoz geratzeko han, eta halaxe, beste bi edo hiru hilabete egin nituen. Ondoren, praktikaldia gauzatu nuen Beizaman, eta gero etxean hasi nintzen martxan.

Gomiztegin zerekin egin zenuen topo?

Hamahiru lagun-edo aritu ginen ikastaroa egiten: gazteak, ni baino zaharragoak... denetarik aurkitu nuen han. Oso-oso gustura egon nintzen. Gaur egun ez du jende askok erabakitzen lehen sektorean aritzea.

Zerk erakarri zintuen zu?

Lan oso lotua da lehen sektorekoa, gustatu egin behar zaizu. Inbertsioak egin behar dira, diru pila bat eskatzen du proiektua martxan jartzeak, eta horrek berak ere atzera eginarazten du. Dena den, ni sartu egin nintzen. Bizitza honetan zerbait egin behar da, eta nik estudiatzeko gogorik ez nuen izan. Lehen sektorea gustatu egiten zitzaidan; mundu hau gustatu egin behar zaizu, bestela alferrik ari zara. Baserrira amargatuta etortzen bazara egunero... Ingurua ikusi besterik ez dago. Beste bizi kalitate bat eskaintzen du lehen sektoreak.

Laguntzak izan al zenituen hastapenetan?

Gazteentzako laguntza oso onak eskaintzen dituzte. Ni Gaztene programan sartu nintzen, eta izugarrizko laguntza jaso nuen. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere laguntzen dute, paperak-eta zuzen ematen badituzu.

Zer moduz zihoan jarduera sutea gertatu bitartean?

2018aren bukaeran hasi ginen artegia eraikitzen, eta oraintsu bukatuta genituen lanak. Oraindik ere baziren amaitzeko gauza batzuk, baina... Oso ondo ari ginen lanean, oso gustura. Ja ardiak ohituta zeuden artegi barruan egotera; izan ere, horiek prozesu bat gauzatu behar izaten dute egokitzeko. Ez da egun batetik bestera egiten kanpotik barrurako aldaketa, ez da hain erraza izaten; hasieran ardiek ez zuten nahi izaten barrura sartzerik, ohitu egin behar izaten dute.

Nolakoa zen zure egunerokoa?

08:30 aldean hasten ginen egunero ardiak jezten, eta 10:00 alderako bukatzen genuen. Dena garbitu, desinfektatu, ardiei jana eman, eta ardilanak eginda izaten genituen beste hogei bat minuturako. Ordu eta erdi batean bukatuta izaten zenuten, beraz, ardiei eskainitako eguneko lana.

Egindako berrikuntzek izango dute horretan zerikusia, ezta?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Lehen, eskuz jezten genituenean, hiru ordutik gora pasatzen genituen. Nire anaia ohituta zegoen horretara, baina ni ez, eta eskuetan tendinitisarekin bukatzen nuen. Horiek une gogorrak izan ziren, egia esan.

Salmentarako nola moldatzen zineten?

Nafarroako enpresa bati saltzen diogu esnea, eta arkumeak Gabon bueltan Iraetara edo Zegamara eramaten genituen. Dezente ondo eta gustura ari ginen.

Zer alde on ditu artegiko lanak lehengo lanarekin alderatuta?

Lana niretzat egiten dudala, naturan egiten dudala, eta askoz ere libreagoa naizela, nahiz eta lan lotua izan. Ez daukat inori azalpenik eman beharrik.

Eta txarrak?

Jai goizean ere baserrira joan behar izaten dela. Alde txar bakarra horixe da: lan dezente lotua izanik, egunero joan behar izaten dela. Udan pixka bat libratzen gara, ardiak antzututakoan eta, baina hala ere, badaezpada, joanda hobe. Beti egoten da zerbait egiteko, beti alde egiten du animaliaren batek. Familiakoek ere asko laguntzen didate, eta hori aldea da.

Deskonektatzeko betarik ez, beraz?

Bai, hala da. Lasai hartu behar da, nahiz eta estresa beti izaten den: behirik onena akabatu dela... Gauza guztietan bezalaxe, halako uneak ere izaten dira. Baina lasai hartzea da onena. Nik baserritik bizitzeko asmoa daukat aurrera begira ere. Gustatu egiten zait.

Zer ematen dizu ardiekin egoteak?

Lana [barrez]. Genetika hobetzen ari ginen, bildots ederrak datozela ikusten nuen, ondo zaintzen nituen, beraiek ere duten onena ematen zidaten... Hori ikustea ederra da. Genetika ona lortzeko urteetako lana egin behar da. Guk ere gorde egiten genituen ardirik onenak, baina Beizamatik eta beste leku batzuetatik ere erosten nituen arkume onak, gero gureak hazteko. Antzematen zen bildotsak hobeak zirela.

Nolako animalia da ardia?

Sinplea da. Erraza da manejatzeko, nahiz eta egoskorra den: behin pentsatzen badu norabait joan behar duela, hara joan behar izaten du. Animalia noblea da oso.

Artzainak bakarti fama dauka... Zure kasuan hala al da?

Ez, ez, nire kasuan ez, behintzat. Ni ez nago bakarrik, familia eta lagunak ditut. Baserrira egunero joaten naiz, eta han etxekoak izaten ditut ondoan. Lagunekin egoteko tartea ere hartzen dut. Artzain bakartiak mendira joaten ziren haiek bai, baina...

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide