Koronabirusa Azpeitian

COVID-19aren zabalkundea saihesteko sentsibilizazio kanpaina Azpeitira iritsiko da ostegunean

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 28a, 12:02

Zortzi laguneko dinamizatzaile talde bat Azpeitiko plazan izango da ostegunean, 19:00etatik 21:00etara. COVID-19ak eragindako pandemia eteteko hartutako neurri higienikoak eta sanitarioak modu egokian betetzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi dituzte herritarra eta ostalaritzaren sektorea.

Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritza elkarteek kanpaina bat jarri dute martxan COVID-19ak eragindako pandemia eten ahal izateko neurri egokiak sustatzeko helburuz. Koronabirusak eragindako pandemia eteteko hartutako neurri higienikoak eta sanitarioak modu egokian betetzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi dituzte herritarrak eta ostalaritzaren sektorea, eta herriz herri ibiliko dira kanpaina sustatzen.

Hori dela eta, zortzi laguneko dinamizatzaile talde bat Azpeitiko plazan izango da ostegunean, uztailaren 30ean, 19:00etatik 21:00etara. Herritarrak, ostralariak eta bezeroak informatuko dituzte horiek, gaur egun idarrean den osasun araudia behar bezala bete dezaten. Ostalaritza eremuan maskararen erabilerak zer-nolakoa izan behar duen, distantzia soziala bermatzeko irizpideak zeintzuk diren, eskuetako garbitasunak zer garrantzia duen edota lagun taldeetako pertsona kopuruaren muga zein den azalduko dute. Gainera, musukoak banatuko dituzte herritarren artean.

Datozen egunetan beste hainbat herritara ere eramango dute sentsibilizazio kanpaina; Gipuzkoan, adibidez, 40 geldialdi egingo dituzte irailaren 13ra bitartean.