Munoaundi herri harresituan bisita gidatua egingo dute zapatuan

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 28a, 08:48
Iazko indusketetako irudi bat.

Abaraxka aterpetxean elkartuko dira bisita gidatua egin nahi duten herritarrak 11:00etan. Handik oinez joango dira Burdin Aroko herri harresitura. Aztarnategiaren gaineko informazioa jasoko dute bertaratzen direnek.

Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua ezagutzeko aukera izango dute herritarrek zapatuan. Izan ere, Aranzadi zientzia elkarteak bisita gidatua antolatu du egun horretarako, Azkoitiko nahiz Azpeitiko udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Zapatuko bisitarako hitzordua 11:00etan jarri dute Abaraxka aterpetxean. Han elkartu eta Munoaundira joango dira parte-hartzaileak, oinez. Dena den, norbaitek oinez joateko eragozpenik izango balu, ibilgailu bat jarriko dute herri harresitura igotzeko.

Aranzadik azaldu duenez, mendirako zapata egokiak ematea komeni da, baita zira eta ura ere. Gainera, COVID-19aren pandemia dela eta, musukoa eraman beharko dute bisitariek.

Joan zen asteburuan zabaltze lanak egin zituzten Aranzadiko kideek nahiz hainbat boluntariok auzolanean, eta aste honetan proiektuaren gaineko hainbat lan egiten ari da Aranzadi.