Mikel Larrañaga: "Herri kirolei dagokienez, aurtengo urtea egutegitik kentzeko modukoa izango da"

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 27a, 09:43
Mikel Larrañaga larunbateko finalerdian. (Ibon Errazu)

Igandean Aian jokatuko du Mikel Larrañagak (Azpeitia, 1989) Urrezko Aizkolarien Banakako XXIII. Txapelketaren finala. Iazko gisan, aurrez aurre izango ditu Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Larunbatean lortu zuen finalerako txartela, nahiz eta urduritasunak tarteko plazan ez zen gustura sentitu. Aurtengo uda ezohikoa izango da aizkolarientzat ere. Hala dio azpeitiarrak.

Konfinamentu osteko lehen txapelketa izan da jokatu duzuena. Zer moduz?

Hala izan da, eta egia esan, urduri nengoen larunbatean; izan ere, azken lau bat hilabetean plazan aizkoran egin gabe nengoen. Ez nuen pentsatzen plazara atera gabe egoteak hainbeste eragingo zigunik, baina hala izan da.

Egindako lanarekin gustura al zaude?

Nerbioek pasara pixka bat eman zidaten. Irabazi egin nuen, baina ez nintzen hain gustura sentitu. Hasterako nengoen urduri, eta ebakitzeetan ez nuen gehiegi asmatu. Ez nintzen gustura ibili, eta ez nintzen gustura gelditu. Etxean egindako entrenamenduekin-eta gustura nengoen aspaldian, baina atzokoan, urduritasuna tarteko, ez nuen nire lana egin.

Dena den, berriz ere finalean zara. Gogotsu al zaude?

Alde horretatik gustura nago. Finalera sartzea gustura egoteko moduko arrazoia da; poz handia ematen du.

Vicente eta Txikia IV.a izango dituzu aurrez aurre finalean. Nola ikusten dituzu aurkariak?

Joan zen urtean Vicentek jantzi zuen txapela, eta aurten ez da erraza izango hari kentzea. Gauzak oso ondo egin beharko ditut; aizkora kolpe bakoitza ondo eman beharko dut bere lekuan. Lehen bi probetan ahalik eta tarte handiena atera beharko dugu, azkenengoan kentzeko. Esanda bezala, ordea, gauzak oso txukun egin beharko ditut, eta ez da erraza izango.

Udan beste txapelketarik-edo izango al duzu?

Bai, Donostiako Urrezko Kopa. Baina, gainerakoan, Euskal Herriko Txapelketa-eta bertan behera utzi zituzten. Esaten dute beste txapelketaren bat-edo jarriko dutela, baina... gauzak airean daude, ez dago mugimendu handirik. Aurtengoa ez da uda ederra izango.

Eta herri kirol jaialdiei dagokienez, zer aurreikuspen dituzu?

Oraintxe egon behar genukeen gorenean, astebururo bizpahiru erakustaldi eginez, baina beste pare bat hilabetez hala ibiliko ginatekeen, herriz herri, festetan eta abar. Koronabirusa dela eta, baina, dena gelditu da. Nik bizpahiru erakustaldi ditut lotuta. Herri kirolei dagokienez, aurtengo urtea egutegitik kentzeko modukoa izango da.