Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finalean izango da Mikel Larrañaga

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 26a, 07:52
Mikel Larrañaga atzoko finalerdian. (Ibon Errazu)

Larrañagak 21 minutu eta bederatzi segundotan amaitu zituen Beizaman jokatutako finalerdiko lan guztiak, Eneko Otañok baino 56 segundo gutxiagotan. Datorren igandean izango da finala Aian, eta Iker Vicenterekin eta Julen Alberdi 'Txikia IV'.arekin neurtuko ditu indarrak azpeitiarrak.

Mikel Larrañagak Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalerako txartela eskuratu zuen atzo Beizaman. Illaunpe pilotalekuan neurtu zituen indarrak Eneko Otaño beizamarraren kontra, eta lanak hark baino azkarrago bukatuta, finalean izango da.

Erlojuaren kontrako lana egin beha izan zuten aurrena, eta 45 ontzako enborra ebakitzeko 59 segundo behar izan zituen Larrañagak. Minutu bat eta hamabi segundo, berriz, Otañok. Bigarren egitekoa, abiadura lana –65 ontzako enborra ebaki–, azkarrago egin zuen Otañok; izan ere, hark bi minutu eta 35 segundo behar izan zituen lana egiteko, eta Larrañagak zazpi segundo gehiago, hau da, bi minutu eta 42 segundo. Lanerditara aritu ziren segidan, eta hamazazpi minutu eta 28 segundotan amaitu zituen lanak azpeitiarrak; aldiz, hemezortzi minutu eta hemezortzi segundotan Otañok.

Larrañagak 21 minutu eta bederatzi segundotan amaitu zituen finalerdiko lan guztiak, Otañok baino 56 segundo gutxiagotan, alegia. Hori dela eta, datorren igandean, abuztuak 2, Aian jokatuko duten finalean (12:00) izango da azpeitiarra. Hain zuzen ere, Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a izango ditu parez pare txapelaren bila ariko diren lehian. Iaz ere hiru aizkolari horiexek neurtu zituzten indarrak finalean, eta Vicente nagusitu zen.