Kultura Eskola katalogo berria osatzeko arte plastikoen proposamenak jasoko ditu Dinamoak

Aldundiko eta eragileetako ordezkariak, Kultura Eskola katalogoaren aurkezpenean. (GFA)

Gipuzkoako Foru Aldundiak EHUrekin batera martxan jarri duen egitasmoa da. Kultur jardueren katalogoa osatu nahi dute, Gipuzkoako bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeen eskura uzteko, horiek katalogoaren edukiak beren curriculumean txerta ditzaten. Hainbat eragilerekin elkarlanean osatuko du katalogoa aldundiak, eta horietako bat da Kulturaz kooperatiba. Kulturgileek irailaren 15era arte aurkez ditzakete beren proposamenak.

"Kultura Eskola Etorkizuna Eraikiz programaren barruko proiektu esperimental bat da, helburutzat duena kulturarako sarbide unibertsala sustatzea, gazteen interes sortzailea garatzea, kultura ohiturak sortzea eta Gipuzkoako lurralde historikoko kultura sarea sendotzea". Horrela aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak kultur jarduerak hezkuntza sisteman txertatzeko martxan jarri duten egitasmo berria.

Aldundiaren Kultura departamentuak arteekin eta kulturarekin lotutako jardueren katalogo bat osatu eta hori Gipuzkoako bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeen eskura jarri nahi du. Aldundiak kontratatuko ditu jarduerak, ikastetxeek aurkeztutako eskaeretatik abiatuta.

Bitartekari lana beteko duten hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean osatuko dute Kultura Eskola katalogoa, eta horien artean dago Azpeitiko Kulturaz kooperatiba. Arte Eszenikoen Tailerra (TAE), Euskal Aktoreen Batasuna, Dantzan.com, Musika Bulegoa, Aranzadi, eta Tabakalera dira parte hartuko duten beste eragileak.

Baldintzak eta irizpideak

Musika, arte plastikoak, antzerkia, dantza, ondarea... kulturaren eta artearen esparru ezberdinetan lanean aritzen diren sortzaileek dagoeneko bidal ditzakete katalogo horretan sartzeko beren proposamenak. Deialdia ireki dute aldundiak eta EHUk, eta irailaren 15era arteko epea dute sortzaileek beren proiektuak eta proposamenak aurkezteko.

Katalogoaren sustatzaileek zenbait baldintza eta irizpide ezarri dituzte, deialdian parte hartu nahi dutenek kontuan har ditzaten. Hauek dira proposamenak katalogoan sartzeko aintzat hartuko dituzten irizpide orokorrak::

- Bigarren hezkuntzako ikasleentzat izatea, hau da, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.

- Gazteen parte hartze aktiboa sustatzea.

- Arrazoiketa pedagogikoa: parte hartzaileen adinerako egokiak izatea.

- Ikastetxeen berezko araudiarekin bateragarriak eta elkartuak izatea, ikastetxeen barruan egiten badira.

- Berdintasunezko parte hartzea eta gizarteratzea bermatuko dute.

- Programen eta jardueren hizkuntza nagusia euskara izango da, baina beste hizkuntza batzuk erabiltzea baloratuko da.

- Iraupena: proposamenak ordubete eta hamabost ordu artekoak izan daitezke, eta ikasturtean eta eskola orduetan egin behar dira.

- Lekua: ikastetxeetan bertan egin ahal izango dira, bai eta beste leku eta kultura ekipamendu batzuetan ere: antzokiak, artxiboak, museoak, kultur etxeak, ondarea barne hartzen duten naturguneak, eta abar.

Arte plastikoak, Dinamoaren bidez

Jarduera esparru edo alor jakin bateko proposamenak jasotzea, aztertzea eta bideratzea izango da, hain zuzen ere, bitartekari lana beteko duten eragileen eta erakundeen ardura. Horrela, arte plastikoen esparruko proposamenak dituztenek Kulturazen Dinamoa sormen gunera bidali beharko dituzte proposamen horiek.

Hau da jardueren esparruen eta bakoitzaren proposamenak jasoko eta baloratuko dituzten eragileen zerrenda:

  • Musika: maria@musikabulegoa.eus
  • Arte plastikoak: dinamoa@dinamoa.eus
  • Antzerkia: eabdonostia@euskalaktoreak.eus
  • Ondarea: idazkaritza@aranzadi.eus
  • Dantza: ikasi@dantzan.com
  • Zinea: 2deo@tabakalera.eu

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide