Aimar Leunda Philadelphiara, Espainiako Futbol Liga Profesionalak sustatutako beka bati esker

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 25a, 14:58
Aimar Leunda artxiboko irudi batean.

Lagun Onakeko jokalariari hautaketa prozesura batzeko aukera eman zion Realak, eta hautaketa prozesua eta ingeleseko azterketa gaindituta, eskuratu du beka. Abuztuaren hasieran joango da Ameriketako Estatu Batuetara. Unibertsitate ikasketak egingo ditu Philadelphiako La Salle unibertsitatean, eta hango futbol taldean jokatuko du.

Aimar Leunda (Azpeitia, 2000) Lagun Onak futbol taldeko jokalariak Philadelphiako La Salle unibertsitateko taldean jokatuko du datorren denboraldian, Espainiako Futbol Liga Profesionalak emandako beka bati esker.

Espainiako Lehen Mailako eta Bigarren Mailako klubek beren taldeetako jokalariak edo beraiekin entrenatzen edo lehiatzen aritutakoak bekarako proposatzeko aukera izaten dute, eta Leundari hautaketa prozesura batzeko aukera eman zion Realak. Izan ere, talde txuri-urdinarekin entrenatzen aritutakoa da azpeitiarra. "Realetik berrogeialdian deitu zidaten proposamena egiteko, eta baietz esan nien".

Dena den, proposamena onartuta, hainbat bideo bidali behar izan zuen beka hautaketa kudeatzen duen agentziara: "Nik egindako jokaldiekin osatutako bost minutuko bideo bat bidali behar izan nuen aurrena, eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat taldetako entrenatzaileek ikusi ostean, lau taldek erakutsi zuten nirekiko interesa". Ondoren, partida batzuetako grabaketak bidali behar izan zituen, eta Philadelphiako La Salle unibertsitatekoa izan zen azpeitiarra hautatu zuen taldeetako bat. "Beka osoa eskaini zidaten; hau da, bidaia ez beste guztia beraiek ordainduko dute".

Unibertsitate horretan gauzatuko ditu ikasketak hiruzpalau urtez Leundak, eta hango futbol taldean jokatuko du. "Atzo eman zidaten Ielts azterketaren emaitza, eta lortu dut eskatzen zuten nota. Inork ez zuen espero; izan ere, hizkuntzak ez dira nire indargunea. Baina berrogeialdia eta ondorengo hilabete eta erdia neure kasa ingelesa ikasten pasatu ditut, eta...". Dena den, Ameriketako Estatu Batuetara joateko bere esku dagoen guztia egin badu ere, koronabirusaren osasun krisialdiak ekar dezakeenari begira dago. "Printzipioz, abuztuaren hasieran joango naiz, baina ea...".

Leunda "gustura" dago beka eskuratu duelako, baina batez ere, ingeleseko azterketa "gainetik kendu" duelako. Eta badu pena puntu bat ere: "Hemen gauza asko lagako ditut, eta horrek tristura puntua ematen dit. Baina izugarrizko aukera da, eta aprobetxatu egin behar dut".