Kepa Peñagarikanok I. Binakako Euskal Pentatloia jokatuko du uztailaren 31n

Ihintza Elustondo 2020ko uzt. 24a, 09:51
Pentatloiaren aurkezpeneko irudia. (Tolosaldeko Ataria)

Tolosako zezen plazan jokatuko dute txapelketa, 11:00etan hasita. Azpeitiarrak Joxean Olaskoaga Aizperro izango du bikote. Mendizabal erretegian eros daitezke sarrerak.

Herri kirolek beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute osasun krisiak eragindako egoera berezi honetan: I. Binakako Euskal Pentatloia jokatuko dute uztailaren 31n, ostirala, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. 11:00etan hasiko da lehia, eta guztira, zazpi bikote ariko dira lehian. Parte hartzaileen artean izango da Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra bikote duela.

Kirolariek hiru txanda egingo dituzte, bikoteka. Antzolatzaileen arabera, "era parekatu batean" egin dituzte bikoteak: hau da, saiatu dira bi aizkolari edo bi harri jasotzaile elkarrekin ez jartzen. Lehenengo txandan, Luis Txapartegi eta Jagoba Otaegi, Julen Kañamares eta Xabier Urrutia, eta Peñagarikano eta Aizperro bikoteek parte hartuko dute. Bigarrengo txandan, Beñat Amade eta Osman Drame, eta Xabier Zaldua eta Jon Gisasola Zelai V.a bikoteak ariko dira. Hirugarrenean, berriz, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, eta Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza bikoteen txanda izango da.

Honako lan hauek egin beharko dituzte kirolariek: 40 aldiz ehun kiloko bola altxatu, lau plaza egin giza proban, lau kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin zortzi plaza egin, eta lau kilometro korrika –ehun itzuli zezen plazari–. Proba bakoitzean bikoteko kide batek gutxienez lanen %40 egin beharko du. Gipuzkoako Federazioko epaileak izango dira probaren jarraipena egiten.

"Lasai" joateko mezua

Osasun larrialdiak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuko dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta herritarrei esan diete "lasai" joateko pentatloia ikustera. Sarrera bakoitzaren atzean izen-abizenak jartzeko eskatu diote zezen plazara joango diren guztiei, kutsatze bat izaten bada, jarraipena egin ahal izateko; sarreran kutxa bat izango da, eta bertan sartu beharko dute sarrera. Eskuak garbitzeko gelak ate guztietan izango dira, eta komunak irekita egongo dira; aldiro garbitu eta desinfektatuko dituzte. Bestalde, eserlekuak markatuta izango dira, eta bertan eseri beharko da. Horrez gain, maskara jantzita izan beharko du publikoak.

Txapelketa ikusteko sarrerak 20 euro balio ditu, eta dagoeneko salgai daude Tolosako Kantabriko tabernan, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Aiako Izeta jatetxean.