Joxe Labaka: "Ez naiz aspertzen, ondo pasatzen dut eta beti aurkitzen dut jarraitzeko motibazioren bat"

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 22a, 17:53
Joxe Labaka (ezkerrean) eta German Gonzalez (eskubian) txapelekin, Joxe Antonio Araneta antolatzailearekin eta Egoitz Arruti zinegotziarekin

Auto klasikoen rallyak ez dira Joxe Labakaren (Azpeitia, 1960) ohiko esparrua, baina begiz jota zuen aspaldian Azpeitia Hiria rallya irabaztea eta joan den zapatuan, "azkenean", lortu zuen helburu hori, German Gonzalez "maisua" kopilotu zuela. Maykel del Cid zenari eskaini nahi izan dio "txapelaren pusketa bat", ilusio berriak buruan dituela; semearekin bikotea osatuta lehiatzea, esaterako.

Auto klasikoen Azpeitia Hiria rallya irabazi zenuten zapatuan. Gustura?

Oso gustura. Eguna ederki joan zen eta oso ondo pasatu genuen denok. Kezka pixka bat bagenuen, egoera berrira nola moldatuko ote ginen. Baina antolatzaileek oso ondo prestatu zuten dena, eta batik bat ikusgarria izan zen Korta jatetxean nola zuten dena prestatuta bazkarirako. Uste dut geu ere ondo portatu ginela, eta dena oso ondo atera zen.

Klasikoen rallyak ez dira zure espezialitatea, baina ez zenuen lehen aldia, ezta?

Duela zortzi bat urte irten nintzen lehen aldiz Azpeitia Hiria rallyan. Joxe Antoniok [Araneta] eta Maykelek [Del Cid] antolatzen zuten, bi lagunek, eta... Iloba, Aitor Otaegi, kopilotu zela hasi nintzen parte hartzen. Lehen aldi hartan nahikoa ondo ibili ginen, eta gainera, gustatu egin zitzaigun. Horregatik jarraitu genuen ondorengo urteetan ere parte hartzen. Eta ondo moldatzen jarraitzen genuen, eta beti hortxe, aurreko postuetan… Azkenean, harra barruraino sartu zitzaigun, eta lasterketa hori nola edo hala irabazi behar nuela tematu nintzen. Hirutan sailkatu ginen bigarren, azkena iaz, baina irabazi ezin...

Baina aurten bai, azkenean.

Azkenean irabazi dugu, bai. Gaizki pentsatzen hasita ere banengoen jada. Aitorrek laga egin zuen, eta orduan jo nuen German Gonzalezengana; klasikoen rallyetaz asko daki, maisu bat da, eta bera ibili zen hasieretan guri irakasten. Nik bezala, Azpeitiko rallya irabazteko gogo izugarria zuen Germanek ere. Zapatuko txapelaren pusketa bat Maykel del Cidi eskaini nahi nioke. Guztion laguna zen, estimatua nuen oso, eta dagoen tokian dagoela, han egongo da orain ere guri begira.

1987ko Citroen Visa GTI batekin irabazi duzue. Beti auto berarekin parte hartu izan al duzu?

Joan den sei bat urtetan bai, auto horrexekin ari gara lehiatzen. Neurea da, ez dut gehiegitan ibiltzen, baina ondo dago eta ondo zaintzen dut.

Igoerak, rallyak... Bizi osoa daramazu auto lasterketetan eta garaipen asko pilatu dituzu, baina klasikoen rallyek ba al dute zerikusirik zuk ezagutzen dituzun beste lasterketekin?

Oso zaila da klasikoen rally bat ondo egitea, eta beste modalitateekin alderatuta, txoferrak oso gutxi agintzen du hemen. Kopilotua da klasikoetan gehien agintzen duena, izugarrizko lana egiten du. Pilotuak kopilotuen aginduak zuzen bete behar ditu: kopilotuak agintzen dizu, kopilotuak daki nondik zoazen eta nora joan behar duzun. Oso zaila da rally hauen muina azaltzea eta ulertzea bera ere, probatu arte.

Pilotua eta kopilotua elkarrekin ondo moldatzea ezinbestekoa izango da, beraz. Lasterketa aurretik lan asko eskatzen al du horrek?

Oso garrantzitsua da elkar ondo hartzea, bai, baina ez pentsa ordu asko pasatzen ditugunik lasterketa prestatzen. Rallyan parte hartzeko beharrezkoak diren GPSa eta beste tramankuluren bat instalatzeko elkartzen gara, eta autoan bueltaren bat ematen dugu dena puntuan dagoela ziurtatzeko; egun bakarrean elkartuta nahikoa izaten dugu normalean. Beste lasterketa batzuetarako ez bezala, ez ditugu entrenamendu saioak egiten.

Auto lasterketak berriro martxan jarri berriak dira, koronabirusaren etenaren ondoren. Inoiz egon al zara horrenbeste denbora lasterketetan parte hartu gabe?

42 urtean, inoiz ez. Ez da samurra izan, egundoko gogoa nuen. Iazko Urrakiko Igoeraz geroztik batere ibili gabe nengoen, izan ere. Orain, abuztuaren 22an Aiako Igoera dira egitekoak, ea egiteko moduan diren; baietz dirudi, baina... Urteko egutegia eginda zegoen, baina dena hankaz gora gelditu da. Aiakoa zen igoeren egutegiko aurrena, eta agiriak-eta beteta zeuzkatenez, hori behintzat aurrera joango dela dirudi. Baina hortik aurrerakoak, ikusi egin behar. Rallyak hasi dira egiten, baina egoera ezohikoa da, dena dago airean. Ikusi egin behar zer lasterketa egin ahalko diren, eta egitekotan nola egin ahal izango diren.

Zeuk zer asmo edo helburu dituzu aurrera begira?

Aurrekoan semeak ere parte hartu zuen klasikoen rallyan; iaz irten zen lehen aldiz. Josu Lizarralderen kopilotu aritu zen eta oso lan ona egin zuen; laurogeitaka talde ginen eta zazpigarren sailkatu ziren. Orduan, hurrengorako badakit zer jarriko zaidan: lasterketaren batean semearekin batera irtetea aurrena, gehiagotan irtetea hurrena, biok podiumen bat lortzearen ilusioa gero… Horrelakoxea naiz ni, beti aurkitzen dut ilusio berriren bat. Ez naiz aspertzen, ondo pasatzen dut eta beti aurkitzen dut jarraitzeko motibazioren bat. Baina ez zait ibiltzeagatik ibiltzea gustatzen; lasterketetan parte hartzen badut, lehiatzeko izaten da, dudan onena emateko, beti.