Klik!

Itsaso beharrik ez

Nora Alberdi 2020ko abu. 11a, 08:25

Ezohiko uda izango da aurtengoa, eta freskatu bat hartzeko gune berriak bilatu dituzte zenbait herritarrek. Putzu horietako asko lehen ohiko bainutokiak ziren, eta urteotan galdutako bisitariak berreskuratzen ari dira. 2020ko uztaileko Uztarria aldizkarian argazkietan jasota gelditu dira horietako batzuk.

Izarraizko Atea

Esklaben eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren artean kokatzen den Izarraizko Atea parkean landarez eta hondarrez inguratutako urmaela dago. Izarraiztik jaisten den errekatxoaren urarekin hornitzen da eremua urte sasoi gehienetan.

Loiolako erreka

Loiolako basilikaren aurrealdeko parkean kokatzen da Loiolako erreka. Azkenaldian, ohi baino haur gehiago dabil jolasean gune horretan. Beroari aurre egiteko, hankak bustitzen dituzte batzuek bertan, eta badira osorik uretara sartzen ausartzen direnak ere.

Matxinbenta

Matxinbenta auzoa zeharkatzen duen erreka aproposa da bainua hartzeko. Auzoaren erdian dagoen zubi ondotik Mandubia alderantz, sakonera ezberdinetako putzuak daude. Garai batean, errepidetik salto egiten ere ibiltzen ziren auzotarrak.

Zurrunbilo

Urrestillatik Aratzerrekara bidean kokatzen da Zurrunbilo deitzen dioten bainutokia. Urrestillako plazatik atera eta hilerrirako bidea hartu baino zertxobait lehenago, errepidearen ertzean, zuhaiztiaren azpian, dago putzua. Irudian, gaztetxo kuadrilla bat bainuaz gozatzen.

Urrestillako presa

Urrestillako saihesbidean, Nuarberanzko norabidean, errepidearen ertzean ezkerretara kokatzen da Urrestillako presa. Eguraldi ona lagun, urrestildar ugarik presaren altuera aprobetxatzen dute uretara jauzi egiteko. Irudian, gaztetxo bat uretara salto egiten.

Landetako industrialdeko ibaia

Azpeititik Urrestillarako bidean dagoen Landetako industrialdearen ondoko ibaia bainutokia zen garai batean. Gaur egun, ordea, ezin da ber tan bainatu. Honako hau dio hango seinale batek: "Arriskua, ur altuera aldakorra".

Sistiaga errekako putzua

Sistiaga errekatik ezkerralderantz dagoen maldan gora abiatu eta sasien artean kokatzen da honako putzu hau. Oso hurbil dagoen harrobiko urak jasotzen dira bertan. Garoz eta zuhaitzez inguratuta dago, eta ura gardena izanik, azpiko likenak garbi ikusten dira. Bat baino gehiago bainatu izan da bertan.

Urola ibaia

Ekaineko egun sargori batean, zenbait gaztetxok aprobetxatu zuten Urolako ibaian bainua hartzeko; hain zuzen ere, Madalenako ospitalearen inguruan sartu ziren uretara. Irudiak Gaztetxeak urtero antolatzen duen baltsa jaitsiera gogorarazten du.