Dagoeneko eskura daitezke abuztuaren 2an herriko organo-jotzaileek eskainiko duten kontzerturako gonbidapenak

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 21a, 16:55
Loiolako organoaren irudia.

Loli Oteizak eta Itziar Urbietak eskainiko dute emanaldia Loiolako basilikan. Koronabirusaren hedapena saihesteko, sarrera mugatua izango da. Hilaren 28ra arte eskatu ahal izango dira gonbidapenak udaleko Kultura Sailean.

Organo zikloaren barruan, Azpeitiko bi organo jotzaileren kontzertua izango da abuztuaren 2an, igandez, Loiolako basilikan. Loli Oteizak eta Itziar Urbietak eskainiko dute emanaldia. Koronabirusaren pandemia dela eta, emanaldirako sarrera mugatua izango da, eta kontzertura joan nahi dutenek gonbidapena eskuratu beharko dute aurrez.

Gonbidapenak eska daitezke dagoeneko Azpeitiko Udaleko Kultura Sailean. Hain zuzen ere, herritarrek uztailaren 28ra arte izango dute horretarako aukera. Pertsona bakoitzak, gehienez, bi gonbidapen eskatu ahal izango ditu, eta eskaerak egiten dituztenek izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dituzte, prebentzio neurri gisa.