Sagardorik gabeko Santio eguna

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 22a, 10:30
1973ko sagardo txapelketa. Joxe Mari Iriondo aurkezten eta Bittor Zapiain sagardoa ateratzen. (Pepe Gil)

47 urtez segidan sagardo txapelketa egin izan da Azpeitian, eta aspaldiko urteetan Santio egunez egin izan da txapelketa hori. Koronabirusak, ordea, herriko sagardozaleen egun maitatua kakaztu du, eta aurten ez da sagardo txapelketarik eta dastaketarik izango plazan.

Ezbairik gabe arrakasta handia duen edaria da sagardoa Azpeitian, eta horren erakusle da Santio egunez urtero antolatzen den sagardo txapelketa zein dastaketa. Gainontzeko herrietan moduan, ordea, koronabirusa dela-eta bertan behera gelditu dira Azpeitian festak eta hainbat emanaldi zein txapelketa; Azpeitiko sagardo txapelketa ere ez egitea adostu dute Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteak.

Sebastian Lizaso (Azpeitia, 1958) da elkarte horretako kideetako bat, eta haren arabera, aurten lehenengo aldia izango da txapelketa egingo ez dena: "Egunez aldatu izan dugu txapelketa, Santio eguna astean zehar tokatu izan denean, baina gu txapelketa antolatzen hasi ginenetik behintzat, ez dugu sekula txapelketa bertan behera utzi beharrik izan". Larunbatean, sagardo txapelketaren 48. edizioa egingo zuten COVID-19 gaitzagatik izan ez balitz; halere, Lizasok dio edizio gehiago ere izan direla: "Orain arte 47 edizio egin dira jarraian, baina aurretik beste edizio batzuk ere egin izan dira".

Laxaro Azkunek egindako Sagardoa Azpeitian liburuan agertzen denez, 1973. urtean egin zen lehen sagardo txapelketa herrian, nahiz eta udaleko artxiboan agertzen den lehen dokumentua 1981. urtekoa izan. Tomas Letamendia Arretxe, Bixente Unanue Uarte eta Jose Mari Olano izan ziren 1979tik aurrerako sagardo txapelketen antolatzaileak, eta Landetako soziedadean eta Loiolatxon egiten zituzten horiek sagardo txapelketa antolatzeko bilerak. Urte batzuk beranduago, berriz, Lizasok eta Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteko beste hainbat kidek hartu zuten lekukoa, eta ordutik beraiek dira txapelketa antolatzen aritzen direnak: "Dozena bat lagun gaude orain elkartean. Gu hasi ginenean, Santi Lazkano-eta ibilitzen ziren txapelketa antolatzen, eta haiek utzi ostean hasi ginen gu".

Lizasok azaldu duenez, aurtengo egoera ikusita sagardo txapelketa "beste era batera" egitea pentsatu zuten hasieran: "Udalarekin hitz egin genuen, eta otu zitzaigun, agian, Azoka Plazan zerbait murritzagoa egin zitekeela. Udalekoei ere gustatu zitzaien ideia". Azkenean, ordea, txapelketa bertan behera uztea adostu zuten udalarekin. Hala eta guztiz ere, dena ondo bidean, ez dute baztertzen udazkenean zerbait egitea: "Gauzak hobetzen badira agian zerbait egingo dugu udazken aldera edo, baina oraindik goizegi da ezer esateko", azaldu du Lizasok.

23 arkupe, 23 sagardogile

Santio eguneko sagardo txapelketak azpeitiarrak zein inguruko herritarrak erakartzen ditu urtero-urtero, eta Lizasoren arabera, geroz eta jende gehiago batu ohi da festara: "Jendeak gordeta izan ohi du Santio eguna egutegian". Halere, azken urteetan txapelketa ez dela asko aldatu dio azpeitiarrak: "Sagardogileen kopurua arkuek mugatzen dute; 23 arku egon ohi dira libre plazan, eta horregatik etortzen dira 23 sagardogile. Arku gehiago egongo balira, sagardogile gehiago etorriko lirateke, baina ez dago lekurik". Sagardoa Azpeitian liburuan agertzen denez, luzea da Azpeitiko sagardo txapelketara etorri diren sagardotegien zerrenda; ia 40 dira azken urteetan Azpeitiko plazatik urteren batean edo urtero igaro diren sagardotegiak.

Sagardoa Santio eguneko protagonista nagusia den arren, sagardo txapelketa ez da izaten egun horretako ekitaldi bakarra. 1990eko hamarkada amaieratik aurrera Gazta Lehiaketa ere egiten dute plazan, eta txekor pintxoak ere banatzen dituzte. Horrez gain, 2007tik aurrera hegaluze pintxoak ere egon ohi dira plazan herritarrentzat. Lizasoren arabera, horrek guztiak ere erakartzen du jendea: "Sagardo txapelketagatik soilik izango balitz, ez litzateke jende asko etorriko, baina sagardoa nahiz pintxoak dastatzeko aukera dagoenez, jendea gustura ibiltzen da plazan".

Datozeen urteetara begira, txapelketa antolatzen jarraitzeko asmoa du Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteak. Lizasok dioenez, elkartearen erronketako bat epaimahaian emakumezko gehiago egon daitezen lortzea da: "Urtero epaimahaiko kideak berdintsuak izan ohi dira, baina datozen edizioetarako emakume gehiago nahiko genituzke epaimahaian".

Sebastian Lizaso eta taldekideak iazko sagardo txapelketan.