'Go!azen' abestiaren dantza grabatu dute gaur Esklabetan

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 21a, 14:36

Ikusmira sortu du hitzorduak, eta herritar ugari hurbildu da Esklabetara Go!azen telesaileko aktoreen koreografiak ikustera. 

Go!azen 7.0 telesailean parte hartuko duten aktore gazteak Azpeitian izan dira gaur, asteartea, Go!azen abestiaren dantza nahiz denboraldi berrirako zenbait sekuentzia grabatzen. Esklaben atarian egin dituzte grabaketak gaurkoan, eta bertan izan dira goizetik eguerdira bitartean. Bazkaltzeko tartea hartu ostean, zenbait irudi grabatzen jarraituko dute arratsaldean ere. Ikusmira sortu du hitzorduak, eta herritar ugari hurbildu da Esklabetara, Go!azen telesaileko aktoreen koreografiak ikustera. 

Datorren udazkenean eskainiko dute Go!azen telesailaren zazpigarren denboraldia ETB1en, eta dagoeneko grabaketen zati handi bat egina dute. Ekainaren 29an hasi ziren denboraldi berriko kapituluak grabatzen Donostian (Gipuzkoa), eta laster egingo dute geldialdia Azpeitian. Denboraldi berriko abestiaren bideoklipa, aldiz, Pasaian (Gipuzkoa) grabatu dute.

Go!azeneko arte departamentuko kideek ekainean ekin zioten Esklabetako dekoratuak prestatzeari, eta hainbat astez lanean aritu ostean dena prest dute dagoeneko. Esklabetako eskuin hegalean egokitu dituzte dekoratuak, eta bertan egingo dituzte grabaketa gehienak. Dena den, Esklabetako ezker hegalean ere grabatuko dituzte zenbait irudi.

Nahiz eta abuztuan grabatuko dituzten Azpeitiko sekuentzia gehienak, dagoeneko egin dituzte zenbait grabaketa Esklabetan. Joan zen astean, esaterako, hainbat egunetan aritu ziren denboraldi berrirako irudiak grabatzen konbentuaren eskuin aldean.

Guztira, hamar aste iraungo dute denboraldi berrirako grabaketek. Hain zuzen, irailaren 4ra arte arituko dira grabaketa lanetan Donostian eta Azpeitian. Telesailaren atal berriak azaroaren erdialdean eskainiko dituzte ETB1en.