Santio eta San Inazio festetako egunetan gauerdian itxiko dituzte tabernak, jatetxeak eta soziedadeak

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 21a, 13:44
Udaleko eta Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteko ordezkariak Erdikalean. (Azpeitiko Udala)

Festetako egitaraurik ez antolatzeaz gain, tabernen, jatetxeen nahiz soziedadeen itxiera ordua ezartzea adostu dute Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak eta udalak. Uztailaren 24an, 25ean, 30ean eta 31n nahiz abuztuaren 1ean gauerdian itxiko dituzte ostalaritza gune guztiak. Udalak "arduraz" jokatzeko eta lanean ari direnei "laguntzeko" eskatu du.

Duela aste batzuk iragarri zuen Azpeitiko Udalak aurtengo Santio eta San Inazio jaietan ez dela egitaraurik izango, festak antolatzeko baldintzarik ez zegoelako. Egoerak hobera egin ez duenez, ordutegia murriztuko dute ohiko jaiegun horietan. Hain zuzen ere, uztailaren 24an, 25ean, 30ean eta 31n nahiz abuztuaren 1ean gauerdian itxiko dituzte tabernak, jatetxeak nahiz soziedadeak.

Udalak Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteko (AZTE) ordezkariekin adostu du egun horietan ostalaritza guneen ordutegia murriztea, eta beraz, gauerdirako bilduko dituzte terrazak ere. Udalak ezarritako arauak errespetatzeko deia egin die herritarrei; hau da, "arduraz" jokatzeko eta lanean ari direnei "laguntzeko" eskatu du. Gainera, erabakia hartzerakoak ostalariek erakutsitako prestutasuna eskertu nahi izan du udalak: "Herritarron osasunarekiko konpromisoa eskertu nahi diegu, jakin badakigulako pandemiak eragin zuzena duela beren negozioetan eta pandemiak establezimenduen eguneroko kudeaketara zailtasun gehigarriak dakartzalako".

Eskualdeko eta Gipuzkoako zenbait herritan COVID-19aren fokuak sortzen ari direla eta, kezka agertu du udalak, nahiz eta orain arte gaitzak Azpeitian ez duen "eragin esanguratsurik" izan. Horregatik, "arduraz jokatzen jarraitzeko" deia egin du erakundeak, "unean-unean ezartzen diren osasun arauak betez". Udalaren arabera, osasunagatik eta ardura kolektiboagatik, beharrezkoa izango da herritarrek jaiegunetara begira dituzten asmoak eta planak birpentsatzea eta egoerara egokitzea, "ospakizunei" tokia ukatu gabe. Erakundeak gogorarazi du maskararen erabilera beharrezkoa dela joan zen asteaz geroztik, eta hamar lagunek baino gehiagok mahai beraren bueltan ezin dutela elkartu ere jakinarazi du. Horrez gain, terrazan lekurik ez badago edo establezimenduko edukiera beteta badago, sarreran zutik ezin dela kontsumitu ere adierazi du. Kalean ezin dela edan, eta beraz, botiloiak zorrotz kontrolatuko dituztela ere esan du udalak.