Kepa Peñagarikano: "Oso une polita izan zen, inoiz ez ahazteko horietakoa"

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 21a, 10:30
Kepa Peñagarikano, apustua irabazi ostean. (Andoni Elduaien)

Kepa Peñagarikanok (Azpeitia, 1981) Aizperroren aurkako apustua "oso pozik" amaitu zuela adierazi du, eta zezen plazan aukera izan zuela azken hilabeteetan egindako lana erakusteko.

Zer-nolako sentsazioa gelditu zitzaizun apustua irabazi ostean?

Izugarrizko poza hartu nuen. Azken hilabete hauetan egindako lan guztia zezen plazan erakusteko aukera izan nuen larunbatean; etxeko lanak ondo eginda joan nintzen eta arazorik gabe lortu nuen apustua amaitzea.

Aise nagusitu zinen proba guztietan.

Apustuan zehar ez nuen jakiterik izan Aizperro zer moduz zebilen. Harri jasotze proban, adibidez, denbora baino garrantzitsuagoa da proba horrek eragin dezakeen nekea gainontzeko zereginak egiteko orduan. Proba horren ostean, nahiko ondo indarberritu nintzen ni; iruditzen zait Aizperrori harri jasotzeak egin ziola kalterik handiena, eta gainontzeko lanetan ez zela hain ondo aritu.

Zein probatan sufritu zenuen gehien?

Lehen egitekoa izanik, harri jasotze proban fresko nengoen, eta gorputza berotzeko ondo etorri zitzaidan. Beldurrik handiena korrika egiteari nion, baina abantailarekin hasi nintzen lasterka, eta ondo neurtu nituen indarrak. Egia esan, halako apustu batean, amaieran sufritzen da gehien.

Lehen apustua zenuen larunbatekoa. Gehiago egingo al dituzu?

Ez dakit. Egia esan, nire planetan ez zen apusturik egiterik sartzen. Pentatloia egin nahi nuen, baina min hartu nuenean, sekulako pena hartu nuen proba egiterik ez nuelako izan, eta plazara ateratzeko gogoz gelditu nintzen orduan. Hortik etorri zitzaigun apustuaren ideia. 2018. urtean Azpeitian egin zuten pentatloiaren formatua ikaragarri gustatu zitzaidan, eta horixe egitea gustatuko litzaidake.

Lesioak eta koronabirusaren pandemia tarteko, gorabehera handiak izan dituzue erronka gauzatzeko.

Bai. Tokatu zitezkeen oztopo guztiak gainditu behar izan ditugu apustua egiterakoan, eta ez da erraza izan plazara heltzea. Oraingoan uste genuen apustua egin ahal izango genuela behingoz, baina azken bi asteetan koronabirusaren Ordiziako (Gipuzkoa) eta Zarauzko agerraldiak ikusita, beldurra sartu zitzaigun. Azkenean, ordea, baldintza onetan egin ahal izan dugu apustua; halere, jende asko beldurragatik ez zen ikustera joan, eta hori plazako giroan ere igarri genuen.

Hain zuzen ere, zezen plazako edukiera mugatu egin zuten segurtasuna bermatzeko. Publikoaren berotasunik sentitu al zenuten?

Bai. 600 bat lagun joan ziren apustua ikustera, eta animo eta garrasi pila bat entzun ahal izan genituen probak egiten ari ginen bitartean. Gainera, zezen plazan herri kiroletan aritzen nintzen lehen aldia zen hura niretzat, eta oso une polita izan zen, inoiz ez ahazteko horietakoa.