Munoaundiko aztarnategia zabaltzen eta indusketak prestatzen laguntzeko, auzolanerako deialdia egin du Aranzadi elkarteak

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 21a, 09:00
Munoaundiko aztarnategia.

Asteburuan egingo dute auzolana, eta amaitutakoan hamaiketakoa eta bisita gidatua eskainiko dituzte Munoaundiko herri harresituan bertan.

Aranzadi zientzia elkarteak Munoaundiko Burdin Aroko herri harresituan auzolana egiteko deialdia egin du, , Azkoitiko eta Azpeitiko udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Asmoa da aztarnategia zabaltzen laguntzea eta eremua etorkizuneko indusketetarako prestatzea.

Lanak datorren zapatuan eta igandean –uztailak 25 eta 26– egingo dituzte Munoaundin. Azkoitiko Abaraxka aterpetxetik 08:30ean abiatuko dira parte hartzaileak aztarnategira, eta Aranzadikoek azaldu dutenez, lanak goizez bakarrik egingo dituzte. 

Lanak amaitutakoan, hamaiketakoa eskainiko diete parte hartzaileei, eta ondoren, bisita gidatua egiteko aukera ere egongo da. Aranzadi zientzia elkarteak azaldu duenez, asteburuko saioan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Honako helbide elektroniko honetan eman behar da auzolanerako izena: munoaundi@gmx.com.