Koronabirusa Azpeitian

Udako ekintzak bertan behera utzi ditu udalak

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 20a, 13:38
Goenan egin zuten oztopo zirkuituko irudi bat.

Udalekuak ez egiteko gomendioa egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak larunbatean, eta horregatik hartu du erabakia udalak. Dena den, behar bereziak edo gabeziak dituzten haurrei eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi zerbitzuak martxan jarraituko du.

Udako ekintzak bertan behera utzi ditu Azpeitiko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako irizpideak aztertu ostean. Udalekuak ez egiteko gomendioa egin zuen sail horrek larunbatean, eta horregatik hartu du erabakia udalak.

Hainbat ekintza egin dituzte dagoeneko, baina aurrerago egitekoak zirenetarako izena emanda zeuden herritarrei abisatu die erakundeak dagoeneko. "Pena handia ematen digu ekintzak bertan behera utzi beharrak, baina herritarron osasuna da garrantzitsuena, eta horregatik hartu dugu erabaki hau", adierazi du Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziak.

Dena den, orain arte egindako ekintzen balorazio "positiboa" egin du zinegotziak. "Oso ondo joan dira ekintzak. Prebentzio neurriak beteta egin dira horiek, eta eskertzekoa da parte hartzaileek erakutsi diguten ekintzetarako gogoa eta jarrera”.

Behar bereziei erantzuteko zerbitzua, martxan

Udako ekintzak ez ezik, behar bereziak edo gabeziak dituzten haurrei eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi zerbitzuak ere jarri zituen martxan udalak, herriko ikastetxeekin elkarlanean. Zerbitzu horri "gaur-gaurkoz" eustea erabaki du udalak, zerbitzua jasotzen duten familien berezitasunak zeintzuk diren ikusita eta umeak familiarekin edo banaka ibiltzen direla kontuan izanda.

Udalak jakinarazi duenez, alarma egoera tarteko ikastetxeen jarduna eta aisialdi ekintzak etenda izan dira, eta hainbat haur aisialdirako aukerarik gabe zirela atzeman zuten ikastetxeek nahiz erakunde horrek. Udalak bederatzi hezitzaile kontratatu zituen, familia guztietako haurrei aisialdi hezitzailea bermatzeko. Ekainaren hondarrean hasi ziren herriko 25 familia haurren beharren araberako zerbitzuak jasotzen.