Koronabirusa Azpeitian

Langile guztiek PCR probetan negatibo eman ostean, "normaltasunez" irekiko dute bihar Sein burdindegia

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 19a, 18:23

Gaur jakinarazi dizkiete PCR proben emaitzak Sein dendako bost langileei, eta horiek Uztarriari adierazi diotenez, ez dute berrogeialdian sartu beharrik izango, Osalanek horrela erabakita. "Berri ona" jakin ostean erabaki dute bihar "normaltasun osoz" irekitzea saltokia. Eusko Jaurlaritzak ez du herriz herriko daturik eman asteburuan.  

Azpeitiko Sein burdindegiko arduradunek Uztarriari jakinarazi diotenez, PCR proba egin duten dendako bost langileek negatibo eman dute koronabirusaren proban. Hori dela eta, bihar "normaltasunez" irekiko dute saltokia. 

Joan zen ostiralean itxi zuten Sein burgindegia "prebentzioz", han lan egiten duen herritar batek PCR probetan positibo eman ostean. Burdindegiko arduradunek azaldu zutenez, uztailaren 9tik 12rako asteburuan Getariako (Gipuzkoa) Politena tabernan izan zen langilea, eta uztailaren 13an eta 14an burdindegira joan zen lanera. Politenako albistearen berri izatean, Seineko langileak PCR proba egiteko eskatu zuen osasun zerbitzuetan, eta ez zen lanera joan hurrengo egunetan.

Positibo eman zuen langileaz gain, beste bost pertsona aritu ziren lanean uztaileko egun horietan Sein dendan, eta horiek guztiek negatibo eman dute PCR probetan. Gaur jakinarazi dizkiete emaitzak bost langileei, eta horiek Uztarriari adierazi diotenez, ez dute berrogeialdian sartu beharrik izango: "Osalanek esan digu ez dugula berrogeialdirik egin beharko, genituen babes neurriei esker ez dugulako gertuko kontakturik izan bezeroekin". Horrenbestez, "berri ona" jaso ostean erabaki dute bihar "normaltasunez" irekitzea saltokia.

Herriz herriko daturik ez asteburuan

Eusko Jaurlaritzak ez du herriz herriko daturik eman asteburuan. Nekane Murga Osasun sailburuak emandako datuen arabera, azken orduetan 197 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte, hamar Araban, 92 Bizkaian, 93 Gipuzkoan eta bi hiru lurraldeetatik kanpo; baina ez atzo eta ez gaur, ez dute herriz herriko daturik zehaztu Osakidetzak argitaratutako txostenean. Atzo, guztira, 5.747 PCR proba egin zituzten hiru lurraldetan. Zarautzen, esaterako, atzo 700 PCR proba egin zituzten, eta gaur, igandea, beste 150 egin dituzte. Osakidetzaren txostenean ez dago Azpeitiko daturik. 

Atzoko positibo kasuen %43a 10 eta 19 urte bitarteko pertsonen artean atzeman dituztela azaldu du Jaurlaritzak. Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute isolamendu-neurriak “behar bezala bete” behar direla, eta kutsatuta egonez gero, arriskuko pertsonekin kontaktuan egotea “saihestu” behar dela. Gainera, nabarmendu du maskara eramatea derrigorrezkoa dela.