Sari banaketa eginda, zabalik da Sokamuturreko Imanol Elias XLI. argazki lehiaketaren erakusketa

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 19a, 10:17

Atzo eguerdian zabaldu zuten erakusketa, sari banaketa egitearekin batera. Abuztuaren 2a arte egunero irekiko ditu ateak erakusketak, astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Ikusgai dago Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) antolatutako Sokamuturreko Imanol Elias XLI. argazki lehiaketaren erakusketa Betharrameko aretoan. Aurreikusitakoa baino lau hilabete beranduago, atzo eguerdian zabaldu zuten erakusketa, sari banaketa egitearekin batera.

Adiel Zabala zestoarrarentzat izan da aurten lehen saria. Angel Olabarriak, Roman Azkuek, Karlos Iriartek eta Jexux Artolak jaso dituzte, hurrenez hurren, sokamuturraren sariketa nagusiko gainerako lau sariak. Horiez gain,  Karnabal giroko argazki onena saritzeko Iñaki Joaristi Altzarte sari berezia banatu du AAEk, eta Juan Antonio Unzurrunzaga bergararrak jaso du saria.

Hasieran, martxoaren 14an irekitzekoak ziren erakusketa, baina koronabirusaren konfinamendu aginduak bertan behera utzi zuen argazki elkartekoen asmoa. Hori dela eta, data atzeratu, eta atzo egin zuten ekitaldia. Gaurtik aurrera, abuztuaren 2a arte, egunero irekiko ditu ateak erakusketak, astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Guztira, 22 argazkilarik aurkeztu zituzten beren argazkiak 2020ko karnabaletako sokamuturrean oinarritutako argazki lehiaketara, eta guztien lanak jarri dituzte ikusgai Betharrameko aretoan. 

Datozen egunetan erakusketara joaten direnek gustukoena duten argazkiaren aldeko botoa emateko aukera izango dute Betharramen. Herritarrek emandako boz gehien lortzen dituen argazkiaren egilearentzat izango da, ondoren, Sari Herrikoia.