Joxe Labakak eta German Gonzalezek irabazi dute XVII. Azpeitia Hiria Rallya

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 19a, 09:31
Labaka eta Gonzalez. (Argazkia: Jesus Keller)

Azpeitiarrak eta Gonzalezek atzo, larunbata, lortu zuten azken zortzi urtean bila ibili diren txapela.

Joxe Labaka azpeitiarrak irabazi du German Gonzalez kopilotuarekin batera XVII. Azpeitia Hiria Rallya. Citroën Visa GTI batekin lortu dute azken zortzi urtean bila ibili diren txapela. Atzo, zapatua, jokatu zuten proba, eta bigarren sailkatu ziren Imanol Zengotita eta Joseba Rodriguez  VW Golf GTI batekin, eta hirugarren Txema Foronda eta Pilar Rodas BMW 325ix batekin.

60 hamarkadako autoen artean, Xabier Arzamendi ta Manuel Hernandez izan ziren lehenak 1968.ko Volvo 142S batekin. 70 hamarkadako ibilgailuen artean, berriz, Javier del Cid ta Gorka del Cid izan ziren irabazleak, eta 80 hamarkadako kotxeen artean Jon Perez eta Javier Elisalt, Opel Kadett GTE batekin.

Guztia "espero bezala" joan zela azaldu dute antolatzaileek. "Jende guztiak errespetatu ditu COVID-19aren kontrako segurtasun neurriak, bereziki Gabiriko Korta jatetxean. Lan bikaina egin dute mahaiak prestatzen distantzia eta segurtasun gomendioak betetzeko", gehitu dute.