Koronabirusa Azpeitian

Eguneko zentroak eta udalekuak aldi baterako ixteko agindua eman du Jaurlaritzak

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 18a, 13:38

Eguneko zentroak eta udalekuak ixteko aginduaz gain, adinekoen egoitzetako egoiliarren irteerako murriztuko dituzte. Bisitei dagokienez, egoitzan pertsona bakar baten bisita jasotzeko aukera izango dute. 

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du agindua gaur, zapatua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalekuak zein eguneko zentroak ixteko eta adinekoen egoitzetako egoiliarren irteerak murrizteko agindua eman du Jaurlaritzak. . Erabaki horrek, beraz, eragina izango du Azpeitiko Bista Eder eguneko zentroan eta San Martin egoitzan.

Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera hartu du erabakia "osasun gomendioei jarraituz". Adinekoen egoitzetako egoiliarren irteerak murriztu egingo dituzte. Gainera, senitartekoen edo lagunen bisitak ere mugatu egin dituzte; neurri berriak iragarri arte kanpotik bisitari bakar batek izango du egoitzara sartzeko aukera.

Era berean, Jaurlaritzak azaldu du Eudelekin batera udalekuak aldi baterako ixteko erabakia hartu duela. Osasun sailak jakinarazi du "prebentzio neurriak" direla gaur hartu dituztenak, eta datozen egunetan berrikusiko dituztela.