Xabat Illarregi txapeldun, X. Erniarraitz Bertso Sariketan

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 18a, 10:21

Xabat Illarregi izan zen nagusi atzo jokatutako finalean, 292,5 punturekin, eta hark eraman zuen txapela. Haren atzetik sailkatu zen Jon Gurrutxaga azpeitiarra, 280 punturekin, eta Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultur Batzordeburuaren eskutik jaso zuen saria. Bertsorik onenaren saria ere Gurrutxagak jaso zuen. Finala osorik eskainiko du Erlo Telebistak bihar. 

Xabat Illarregik jantzi du X. Erniarraitz Bertso Sariketako txapela. Atzo, ostirala, jokatu zuten Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren finala Azpeitiko Gaztetxean. 22:00ak aldera igo ziren oholtzara atzoko sei finalistak:  Jon Gurrutxaga, Maider Arregi, Ane Zuazubiskar, Xabat Illarregi, Oier Etxeberria eta Asier Galarza Muxi. Imanol Artola Felix aritu zen bertso-jartzaile lanetan.

Bi ordu eta erdi inguruz aritu ziren kantuan bertsolariak, eta epaimahaiak hala erabakita, Xabat Illarregi izan zen txapelduna 292,5 punturekin. Erniarraitz Bertsozale Elkartearen izenean Xabier Azpillagak jantzi zion txapela Illarregiri, eta bide batez, bertso bat eskaini zuen oholtzan. Jon Gurrutxaga sailkatu zen bigarren, 280 punturekin, eta Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultur Batzordeburuaren eskutik jaso zuen saria. Bigarren sailkatuarekin puntuetan berdinduta, 280 punturekin, Maider Arregi gelditu zen hirugarren postuan. Haren atzetik sailkatu ziren Ane Zuazubiskar (267,5 puntu), Oier Etxeberria (258 puntu) eta Asier Galartza (241,5 puntu), hurrenez hurren.

Bertsorik onenaren saria, Gaztetxeko kideek horrela erabakita, Jon Gurrutxagak jaso zuen. Azpeitiko Gaztetxearen izenean, Ekhi Etxeberriak eman zion bertso onenaren saria Gurrutxagari.

X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren finala osorik eskainiko du datozen egunetan Erlo Telebistak.