Bihar irekiko dute Sokamuturra argazki lehiaketaren erakusketa

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 17a, 17:08
Iazko erakusketaren irekierako argazki bat.

Abuztuaren 2a arte ikusgai izango da, Betharrameko aretoan. Sari banaketa ekitaldiarekin irekiko dute Imanol Eliasen oroimeneko lehiaketaren erakusketa, 12:00etan. Adiel Zabala zestoarrak irabazi du aurtengo karnabaletako sokamuturrean oinarritutako lehiaketaren sari nagusia, eta Juan Antonio Unzurrunzaga bergararrak jasoko du Karnabal giroko argazki onenaren Iñaki Joaristi Altzarte saria.

Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) bihar irekiko du, Betharrameko aretoan, Sokamuturreko Imanol Elias XLI. argazki lehiaketaren erakusketa.

Aurreikusitakoa baino lau hilabete beranduago iritsiko da aurten Azpeitian ikusmin handiena pizten duen argazki erakusketa. Izan ere, martxoaren 14an irekitzekoak ziren hasieran erakusketa, baina koronabirusaren konfinamendu aginduak bertan behera utzi zuen argazki elkartekoen asmoa. Bihartik aurrera, abuztuaren 2a arte, egunero irekiko ditu ateak erakusketak, astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Sari banaketa

22 argazkilarik aurkeztu zituzten beren argazkiak 2020ko karnabaletako sokamuturrean oinarritutako argazki lehiaketara, eta guztien lanak ikusi ahal izango dira Betharramen.

Urtero legez, sari banaketa ekitaldiarekin estreinatuko dute erakusketa AAEkoek. 12:00etan jarri dute hitzordua, eta Adiel Zabala zestoarrarentzat izango da aurten lehen saria. Angel Olabarriak, Roman Azkuek, Karlos Iriartek eta Jexux Artolak jasoko dituzte, hurrenez hurren, sokamuturraren sariketa nagusiko gainerako lau sariak. Horiez gain, aurten ere banatuko du AAEk Iñaki Joaristi Altzarte sari berezia, Karnabal giroko argazki onena saritzeko; Juan Antonio Unzurrunzaga bergararrak jasoko du sari hori.

Sari Herrikoirako botoak

Bihartik aurrera erakukusketara joaten direnek gustukoena duten argazkiaren aldeko botoa emateko aukera izango dute Betharramen. Herritarrek emandako boz gehien lortzen dituen argazkiaren egilearentzat izango da, ondoren, Sari Herrikoia.