Mendian, abereak dauden guneetan, txakurrak lotzeko eskatu du Gipuzkoako ENBAk

Ihintza Elustondo 2020ko uzt. 17a, 12:44
Abereak dauden guneetan txakurrak lotuta eraman behar direla dio legeak.

Gipuzkoako Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) azaldu duenez, ohi baino jende gehiago dabil mendian, baita ohi baino txakur gehiago ere. Horrek txakurren eta ganaduaren arteko arazoak sortu ditu. Horregatik, abereak dauden guneetan txakurrak lotuta eramateko eskatu du erakundeak. 

Gipuzkoako Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) mendian diharduten abeltzainekiko eta ganaduarekiko "errespetua eta ardura" eskatu ditu. Erakundearen arabera, uda tarteko eta osasun krisiak eragindako ezohiko egoera dela eta, ohi baino jende gehiago dabil aurten mendian. ENBAk azaldu duenez, horrek arazo bat ekarri du: "Mendira igotzeko ohitura aregotu den neurrian, mendian asko ugaritu da txakurren presentzia, eta solte dabiltzan txakurren eta abereen arteko problematika areagotu da".

Arrazoi hori tarteko, Gipuzkoako ENBAk dei egin die mendira joaten diren txakurjabeei txakurrak lotuta eraman ditzaten, abereak auden eremuetan. "Aziendan triskantzak saihestuko dira horrela, eta bide batez, mendizaleen eta baserritarren arteko elkarbizitza ez txartzeko balioko du".

Legeak arautzen du

Gipuzkoako ENBAk legeak esaten duena gogorarazi du; Gipuzkoako Mendietako 7/2006 Foru Arauak honako hau jasotzen du 62. artikuluan: "Debekatuta dago hots elementuak erabiltzea, soinua sortzen duten jarduerak egitea eta ohiko larre eremuetan zakurrak aske ibiltzea, erabiltzaileei enbarazurik ez sortzeko eta abereen nahiz basanimalien ohiturak ez eragozteko".

ENBAren esanetan, gauza bera dio 2020aren hasieran Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostu eta zabaldutako Mendizaletasunerako Praktika Onen Dekalogoak, eta hainbat menditan jarri dituzten informazio puntuetan ere txakurrak lotuta eramateko beharra azpimarratzen da.