Zaildutako hasiberrien erronka

Julene Frantzesena - Mireia Galarza 2020ko uzt. 17a, 10:57

Josean Olaskoaga Aizperrok eta Kepa Peñagarikanok apustua jokatuko dute bihar, Azpeitiko zezen plazan (19:00). Aizkoran, harri jasotzen eta korrika osatuko dituzte lanak.

Hilabeteak zain egon ostean, gainean dute Kepa Peñagarikanok eta Josean Olaskoaga Aizperrok apustuaren eguna. Bihar jokatuko dute hainbeste denboran itxarondako erronka, 19:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan. Ikuskizunik ez da faltako; izan ere, bi kirolariak gogor aritu dira entrenatzen azken asteetan. "Uste dut nahiko puntu onean iritsi naizela", azaldu du Peñagarikanok. Aizperro, berriz, "motibatuta" dago, nahiz eta martxoan izan zuen lesioak ordurako zuen puntua galduarazi ziola aitortu duen.

Pilotari ohia bata, arraunlari ohia bestea; lehen apustua izango dute biek ala biek biharkoa. Kirolzaleak dira, eta horrexek eraman ditu apustua egitera. Elkarren berri badute, eta badakite lanak oso ondo egin beharko dituztela erronka irabazteko. Peñagarikanoren arabera, "aurkari gogorra" da Aizperro, baina berak ere berea ematen badu "pare-parean" izango direlakoan dago. Aizperrok ere "indartsu" ikusten du Peñagarikano: "Pentatloia prestatzen zorte txarra izan zuen, eta orain ikusiko dugu nor den gehiago".

Egingo dituzten lanak ez dira nolanahikoak izango. Hain zuzen ere, ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki beharko dituzte eta 4,5 kilometro osatu beharko dituzte korrika. Lanak azkarren egiten dituenak jasoko du saria; kirolariek hiru milana euro jarri dituzte.

Peñagarikano etxean ariko da lehian, eta pentatloia ez jokatu izanaren arantza kentzeko baliatuko du biharko saioa. Izan ere, proba hura prestatzen ari zela min hartu zuen aizkorarekin, eta ezin izan zuen parte hartu. Dena den, "ahaztu" du lesio hura. Aizperrorentzat ere ez da arrotza Azpeitiko zezen plaza; izan ere, oriotarrak parte hartu zuen joan zen irailean han egin zen pentatloian.

Apustua hitzartu zutenetik pasatu dira ia zortzi hilabete: azaroaren 22an adostu zuten erronka Azpeitiko Mendizabal jatetxean. Martxoaren 14rako jarri zuten hitzordua orduan, baina otsailaren 27an erronka atzeratzea eskatu zuen Aizperrok, harriarekin entrenatzen ari zela min hartu zuelako. Martxo bukaerara atzeratu zuten desafioa, baina ezin izan zuten jokatu COVID-19aren eraginez.

Bi kirolariei luze samarra egin zaie itxaronaldia. Hala dio Aizperrok: "Bukatzeko gogoarekin nago, gauza luzatu egin da eta. Jokatzeko irrikaz nago, apustua gainetik kentzeko gogoa daukat". Pandemia Euskal Herrira iristerako sasoi betean ziren bi kirolariak, eta orduz geroztik ere ez diote utzi prestatzeari. Peñagarikanok dioenez, baina, konfinamenduan gaizki ibili zen entrenatzeko: "Aizkoran Usurbilen [Gipuzkoa] aritzen nintzen, eta harriarekin eta korrika aritu naiz pixka bat baserrian, baina... Konfinamendua pasatzean hartu nituen martxa eta erritmoa".

Segurtasun neurriak

Azpeitiko zezen plazaren edukiera 4.000 lagun ingurukoa da, baina biharkoan milak izango dute apustua ikusteko parada. Koronabirusaren pandemiak eraginda, hainbat neurri hartuko dituzte antolatzaileek. Besteak beste, herritarrek plazara sartzerako datuak utzi beharko dituzte kutxatila batean, maskara jantzi beharko dute, eta distantziak mantendu ere bai.