Mintzolaren proiektu sarietako bat jaso du Miren Aiertzak

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 16a, 16:08

Lau lagunekin batera aurkeztu duen Bertsolaritzaren erresistentzia funtzioa belaunaldi desberdinetako bertsolari eta bertsozale emakumeen ahotsetatik: ikerketa-ekintza parte hartzailea proiektuari esker jaso du saria azpeitiarrak, eta taldeak urtebeteko epean gauzatu beharko du lana.

EHUko Mikel Laboa Katedraren eta Mintzola ahozko lantegiaren proiektu sari bat jaso du Miren Aiertza azpeitiarrak. Ane Bengoetxearekin, Ana Villanuevarekin, Ines Huarterekin eta Leire Amenabarrekin batera aurkeztu duen Bertsolaritzaren erresistentzia funtzioa belaunaldi desberdinetako bertsolari eta bertsozale emakumeen ahotsetatik: ikerketa-ekintza parte hartzailea proiektuari esker jaso du saria, eta taldeak urtebeteko epean gauzatu beharko du lana.

Ahozko kultur sorkuntza ikertzeko bi proiektu sari banatzen dituzte Mintzolak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak 2014az geroztik, eta aurtengoan ere bi proiekturen egileek jaso dute proiektua gauzatu ahal izateko bi milana euroko diru saria. Aiertzak eta haren taldeak aurkeztutako proiektuaz gain, Maialen Akizuk proposatutako Zaintzaren ekonomia eta euskal kultur sorkuntza: bi ikusezin, elkarri begira: Lehen hurbilpen baterako, bertsolaritzaren kasua aztergai lana ere saritu du ahozko lantegiak. Bestalde, Bertsolaritzaren autonomia auzitan: utilitarismoa, txapelketak, hedabideak, irakaskuntza eta hibridazioa lana gauzatzeko ikerketa kontratu bat lortu du Kepa Matxainek.

Iaz Jon Gurrutxaga azpeitiarrak jaso zuen proiektu sarietako bat, Nazio-identitatea, nazio-gatazka eta diskurtsoaren bilakaera Bertsolari Txapelketa Nagusian (2001-2017) proiektua tarteko.