Datorren asteazkenean hasiko dituzte Basarteko bidegurutzean biribilgunea egiteko lanak

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 16a, 12:09
Basarteko bidegurutzea.

Lanak datorren astean hasi eta lau hilabetean bukatuko dituztela adierazi du foru erakundeak. Trafikoan eragin dezakete obrek. Biribilguneaz gain, bi autobus geltoki eta oinezkoentzat zein txirrindularientzat bidea egokituko dute.

Datorren asteazkenean, hilak 22, hasiko dituzte Basarteko bidegurutzean –Munategi parean– biribilgunea eraikitzeko lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren sailak adierazi duenez. Biribilguneak 42 metroko diametroa eta hiru irteera –Basarte industrialdea, Azkoitia eta Azpeitia– izango ditu. Gainera, bi autobus geltoki eta oinezkoentzat nahiz txirrindularientzat bideak egokitzea ere aurreikusten du aldundiak.

Lanak datorren astean hasi eta lau hilabetean bukatuko dituztela adierazi du foru erakundeak. Gainera, trafikoan eragin dezakete obrek: "Puntualki, bidegurutzean ohiko maniobraren bat egiteko aukerarik ez da izango, baina halakorik bada, seinaleztatu egingo dute". Obrak Excavaciones Peru S.L. enpresak egingo ditu, eta 499.112,56 euroko aurrekontua izango dute. 

Azpeitiko Udalaren arabera, obrekin "herritarren segurtasuna" bermatuko dute eta ordu puntetan Munategi parean sortzen diren iladak sahiestuko dira. Gaur egun, Basarteko bidegurutzea ibilgailuentzat eta oinezkoentzat "gune arriskutsua" dela azaldu du udalak. "Lanen bidez herritarren segurtasuna bermatuko da. Izan ere gaur egun, ibilgailuentzat eta oinezkoentzat puntu beltza da hori". Gogorarazi du obra Azpeitiko eta Azkoitiko Udalen zein industriaguneko enpresen eta langileen eskaeren ondorioz egingo dutela.