Asurtzu aztarnategiko proiektuari ekin dio Antxieta Arkeologia Taldeak

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 15a, 16:50
Indusketetako irudi bat. (Antxieta Arkeologia Taldea)

Erloko puntatik gertu dagoen aztarnategi bat ikertzen hasi da Antxieta Arkeologia Taldea, eta joan zen igandean, hilak 12, egin zituzten bertan lehen indusketak.

Asurtzu zonaldeko ikerketa berria du eskuartean Azpeitiko Antxieta Arkeologia Taldeak, eta dagoeneko hasi dira proiektua gauzatzen. Erloko puntatik oso gertu dagoen aztarnategia da Asurtzu, eta Antxietako kideen arabera, baliteke Azpeitiko lehen herrixka bertan izatea. Urte honen hasieran epe luzerako proiektu bat aurkeztu zioten Azpeitiko Udalari, eta udalak proiektua onartu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenak lortu eta proiektua martxan jarri zuten. Hain zuzen ere, joan zen igandean hasi ziren indusketekin. Besteak beste, leku horretan nor bizi zen, han zergatik bizi ziren eta beraien bizimodua nolakoa zen jakin nahi dute.

2006. urtean hasi ziren Antxietako kideak Ikulluteko gaina izeneko zonaldean indusketak egiten, eta haien arabera, "oso material interesgarriak" aurkitu zituzten zonalde hartan. Urte batzuk beranduago — 2013. urtean—, berriro ekin zieten zundaketei, Asurtzu zonaldean. Azpeitiarrak orduan konturatu ziren material interesgarriz beteta zegoela Asurtzu, eta iaz erabaki zuten proiektuari dimentsio handiagoa eskaintzea.

Antxietako kideek azaldu dutenez, proiektua zabalik dago indusketetan parte hartu nahi duten herritarrentzat. Ikerketan interesa dutenek, antxieta.arkeologi.taldea@outlook.com helbidera idatz dezakete.