Koronabirusa Azpeitian

Udalak eta tabernariek hainbat neurri adostu dituzte jende pilaketak saihesteko

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 15a, 15:52
Erdikalea. (Nerea Uranga)

Batetik, udaltzaingoak maskarak banatuko ditu kalean; eta bestetik, tabernariek beren lokaletako edukiera kontrolatuko dute orain arte moduan, eta jan-edana taberna barruan eta terrazetan dauden bezeroei soilik zerbitzatuko diete.

Alde Zaharreko tabernariek eta Azpeitiko Udalak bilera egin dute gaur, asteazkena, eta datozen egun eta asteetarako neurri berriak adostu dituzte. Udalak azaldu duenez, neurri horiek maskararen erabilera sustatzeko eta jende pilaketak saihesteko ezarriko dituzte.

Batetik, orain arte moduan tabernariek beren lokaletako edukiera kontrolatuko dute, eta jan-edana taberna barruan eta terrazetan eserita dauden bezeroei soilik zerbitzatuko diete. Neurri horren helburua zenbait momentutan sortzen diren jende pilaketak saihestea da. Bestetik, udaltzaingoak prebentzio neurrien inguruko sentsibilizazioa sustatuko du; eta horretako, udaltzainek maskarak banatuko dituzte herrian. Gainera, udalak nabarmendu du udaltzainen plantilla indartuko duela.

Josu Labaka udaleko Zerbitzu Orokorretako zinegotziak tabernariak egiten ari diren "ahalegina" eskertu du: "Ez da erraza baldintza horietan lan egitea, eta adostutako neurriak betetzeko ahaleginak egiten ari dira. Horregatik, herritarrei ere ezarritako irizpideak jarraitzeko eta prebentzio neurriak betetzeko eskatu nahi diegu".

San Inazio jaietan, neurri gehiago

Udalak eta tabernariek saninazioak ere izan dituzte hizpide bileran: "Pena handiz, baina adostasunez erabaki genuen saninazioetako egitaraua bertan behera uztea, ez dagoelako baldintzarik festak ospatzeko", azaldu du Labakak.

Horren harira, zinegotziak dio badakitela herritar gehienek bat egingo dutela eta arduraz jokatuko dutela hartutako erabakiarekin. Halere, "festak bere kabuz ospatzeko tentazioa" duten herritarrengatik, jaietan neurri bereziak ezarriko dituztela adierazi du Labakak, COVID-19 gaitzaren kutsatzeak eta jende pilaketak saihesteko.

Bestalde, udalak iragarri du datozen egunetan herriko eragileekin bilera gehiago egingo dituela; besteak beste, herriko jatetxeekin, tabernariekin eta Herrizaingo Sailarekin bilduko da. "Argi esan nahi dugu, ez dago baldintzarik eta Azpeitian ez da aukerarik izango festarako. Herritarrei arduraz jokatzeko eskatzen diegu, eta egun arruntak izango balira moduan antolatzeko beren egunerokoa", nabarmendu du Labakak.