Udan euskara ez galtzeko

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 15a, 18:06
Aisia eta kirola uztartzen dituzte ikasleek udako saioetan. Gaur, adibidez, pilotan aritu dira. (Udal Euskaltegia)

Udal Euskaltegiko Etorkizun egitasmoan parte hartzen duten ikasleek aste honetan bukatuko dute udako ekintzen sasoia. Ezohiko ikasturtearen ondoren, ezohikoa izan da udako egitasmoa ere, COVID-19ak baldintzatuta. Baina "gustura" ibili dira haurrak eta gaztetxoak, eta arduradunek ere balorazio ona egin dute.

Hamalaugarren aldia bete du 2019-2020 ikasturtean Etorkizun programak. Azpeitiko Udal Euskaltegian 2006an jarri zuten martxan Etorkizun, Azpeitiko ikastetxeetara iristen ziren ikasle atzerritarrei euskaran murgiltzen laguntzeko tresna gisa.

Ikastetxeekin koordinatuta osatzen dituzte ikasle taldeak urtero. Zentroetan atzematen dituzte ikasleen beharrak, eta horren arabera bideratzen dituzte Etorkizuneko saioetara. Horrela, ikasturtearen barruan, eskolaz kanpoko ekintza gisara ematen dizkiete saioak ikasle horiei  euskaltegian. Iaz, lehen aldiz, udako oporretan ere martxan izan zen Etorkizun, udaleku formatuan. "Etena luzea izaten da", dio Inge Belokik, ikasturtean zehar Etorkizunen barruan eskolak hartzen dituzten haur eta gaztetxo askok udako opor luzeetan euskararekin duten harremana galtzen dutela adierazteko. Egitasmoaren koordinatzailea da gaur egun Beloki "Ikasturtean zehar asko aurreratzen dute, baina udan oso atzera gelditzen dira batzuk, batik bat iritsi berrienak direnak. Ikasturtean aurrera egindakoa galdu, eta ikasturte berriaren hasiera berriro zerotik hastea bezala izaten da horientzat", gaineratu du koordinatzaileak.

Etena sakondu duen ezohiko ikasturtea

Eten hori areagotu egin da 2019-2020 ikasturtean. Koronabirusaren etorrerarekin, ikasle guztiek osatu behar izan dute azken hiruhilekoa etxetik. Etorkizunen programako ikasleak, horrez gain, euskara maila indartzeko saiorik gabe gelditu dira, konfinamenduarekin horiek bertan behera uztea erabaki baitzuten arduradunek. "Ikastetxeetan ere arazoak izan dituzte kasu batzuetan ikasle horiekin harremana mantentzeko. Guk, berriz, erabaki genuen saiorik ez egitea; ikastetxekoekin nahikoa lan izango zutela pentsatu genuen, Etorkizuneko saioekin ere jarraitu behar izan gabe", kontatu du Belokik.

Horrela, udan euskara saioak egitea "espreski" eskatu diote aurten ikastetxeek udalari. COVID-19aren inguruan hartutako neurriekin, euskaltegian argi zuten saio horiek ezingo zutela iazkoen formatu bera izan, udalekuak bere horretan ezingo zituztelako egin. Hala ere, zailtasunak zailtasun, lortu dute ekintzak antolatzea. Ikasturtean zehar Etorkizunen saioetan "ehun bat ikasle" ibiltzen direla dio Belokik. Udako saioetan "gutxiago" dira, besteak beste, "egoera honetan taldeak txikiagoak izan behar direlako eta zenbait neurri hartu behar direlako". Ikastetxeek behar gehien izan zezaketeen ikasleen zerrendak egin zituzten, eta horiei eskaini zitzaien udako ekintzetan parte hartzeko aukera.

Euskara landu eta herria ezagutu

Hiru taldetan banatu dituzte ikasleak, eta bakoitzak bere ordutegia du. Txikienek, LH1 eta 2 mailetakoek, astelehen eta asteazken goizetan egiten dituzte saioak, bi ordu eta erdikoak; astelehen eta asteazken arratsaldeetan, LH3tik 5era bitartekoekin egiten dituzte saioak; eta ostiral goizetan, berriz, LH6 eta DBHkoekin. Guztiak egunero elkartzen ez badira ere, hamahiruna ikasle dituzte talde bakoitzean, eta bi begirale ari dira lanean talde guztiekin, Kepa Urbieta eta Urtzi Arrieta.

Aire zabalean egiten dituzte ekintza guztiak. Euskara aisiarekin, jolasekin eta kirolarekin uztartzen dute saioetan, eta horiek ikasleek "herria ezagutzeko" tresna ere badirela dio Belokik. "Batzuk Azpeitira iritsi berriak dira, eta ondo datorkie herrian batetik bestera ibiltzea, tokiak ezagutzeko".

Etorkizun programaren udako formatuak "harrera ona" izan duela azaldu du koordinatzaileak, bai familien aldetik -komunikazio zailtasunak gorabehera-, bai ikasleen aldetik. Ikasturteko ohiko eskoletan baino "motibatuago" sumatzen dituzte ikasleak: "Gelan egiten ditugun saioak zailagoak izaten dira. Azken finean, ikastetxetik irteten dira eta berriro ikastera etorri behar izan dute gurera, gela batetik atera eta beste batean sartzen ditugu. Udako saioak bestelakoak dira, ordea. Ikasleak errazago motibatzen dira, gusturago ibiltzen dira, eta ez dute horrenbeste lotzen euskara ikastearekin edo eskolekin". Ikasle gehienak afrikarrak dira, marokoarrak eta sahararrak gehienbat, baina Latinoarikakoak, Pakistangoak, Ukrainakoak eta Errumaniakoak ere badituzte, besteak beste.

Hartzaileen harrera eta saioak nola joan diren ikusita, Etorkizunen lanean ari direnak ere "oso gustura" daude esperientziarekin.