Alejandro Gomez atletari oroigarria eman dio Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolakuntza taldeak

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 15a, 12:33
Gomezek jaso duen oroigarriaren irudia.

Burmuineko minbizia dauka atleta galiziarrak, eta Galiziako Atletismo Federazioaren omenaldia jaso zuen zapatuan. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren sustatzaileek ere aurtengo irabazlearentzat prestatutako garaikurra bezalako oroigarria eman diote.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek Alejandro Gomez atleta galiziarrari oroigarri berezi bat eman diote. Izan ere, ebakuntzarik egiterik ez dagoen burmuineko minbizia atzeman zioten kirolariari duela hilabete batzuk, eta joan zen larunbatean omenaldia jaso zuen Galiziako Atletismo Federazioaren eskutik.

Azpeititik eta Azkoititik bidalitako aitortza ere jaso zuen hark ekitaldian. Izan ere, maratoi erdiaren antolatzaileek aurtengo ediziorako prestatu duten irabazlearentzako oroigarria bezalako garaikur bat jaso zuen hark. Gainera, Azkoitia-Azpeitian parte hartu izan zuen edizioetako irudiekin osatutako bideo bat ere eman zuten ekitaldian.

Azkoitia-Azpeitia proban hainbatetan parte hartu izan du Gomezek, eta harreman estua dute hark eta maratoi erdiaren antolatzaileek. Are gehiago, Diego Garcia zenaren lagun mina ere bazen galiziarra.